Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

EHZren podcasta

2026ko otsailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Musika kontzertu baten sarrerak salmentan jarri eta ordu gutxira agortzea arrakastaren adierazle nagusitzat jotzen den garai honetan, Euskal Herria Zuzenean festibalak, EHZk, kontsumo eredu horri erantzun beharrean, bere burua egitasmo parte-hartzaile eta kultur topagune gisa aurkezten du. Era berean, feminismoa, antikapitalismoa, ekologia, askatasun sexuala, justizia soziala, internazionalismoa, kultur aniztasuna eta bazterketa modu guztien aurkako borroka aldarrikatzen du balio nagusi moduan. 

1996an sortu zuten, Nafarroa Beherean, eta, 30. urteurrena ospatzeko, besteak beste Uhinen ildoan podcasta sortu dute. Otsailaren 3an argitaratu zuten izango dituen zazpi ataletako lehenengoa, eta Arrosa sarearen webgunean topatu nuen. Ez da kasualitatea, lotuta baitaude biak; izan ere, festibalaren baitan hogei bat euskal irrati batu ziren, eta elkarren arteko lankidetza harremanak sendotzeko, edukiak partekatzeko eta ekoizpen bateratuak egiteko federazio bat sortu zuten, ekainean 25 urte beteko dituena (espero dut ospakizun batekin ere). Bi astean behin aterako dute atal berria, eta EHZ eta Arrosaren webguneetan ez ezik, Euskal Irratietan ere entzungai izango dugu.

Protagonista ugariren ahotsak jasotzen dituen kontakizun korala da, eta horiei guztiei eskerrak ematen dizkiete Aitor Servier Etxexuri, Irati Fernandez Arbelaitz, Luma Hirigoien Etxeberri, Aimar Lopez Erasun eta Ana Sarria Muxika egileek, baita Piztu elkartearen eta Antxetaren lankidetza nabarmendu ere. Nola ez, musikak leku berezia du saioan, eta horren lanketak eta nortasunak ere izen propioa dute, Haize Karrikabururena.

Usurbilgo Udalak eta Jakin fundazioak ematen duten Joan Mari Torrealdai bekari esker egindako EHZ 1996-2026. Herri bat zuzenean ikerketan jasotako testigantzak, soinu artxiboak eta elkarrizketak jasotzen ditu podcastak, eta horri dokumental eta liburu bat ere gehituko zaizkio. Horretaz gainera, ospakizunez beteriko egitarau berezia izango du aurten festibalak ekainaren 26tik 28ra bitartean Arberatze-Zilhekoan.

Dagoeneko sarrera edo bonurik eskuratu zein ez, guztiz gomendagarria da podcasta, eta ez soilik istorio eta historia asko gordetzen dituen jaialdira hurbiltzen gaituelako, Ipar Euskal Herriko doinuera aniztasuna erakusten duelako ere bai. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA