Faxismoari elkarrekin borrokatzeko, milaka emakume feministak Euskal Herriko kaleak bete zituzten atzo. Morez margotu ziren herriak eta auzoak, Martxoaren 8an. Ausardia eta aliantza feministak beharrezkoak zirela aldarrikatu zuten, eta ez da gutxiagorako.
Ez da egun txarra memoria ariketak egiteko. Ahanzturan gelditu diren andre batzuk gogoratzeko. Duela hilabete, Kristina Berasain Tristanek elkarrizketa egin zion Ana Maria Izaskun Ruizi, Cecilia G. Guilarte kazetari tolosarraren alabari. Modu horretan deskubrituko zuten irakurle askok Guilarte nor izan zen, gerrako kronikari emakume bakanetakoa garai hartan. Erbestera joan behar izan zuen, familiarekin, 1940an.
Bada beste emakumezko kazetari bat gogoratu beharrekoa: Juana Mir Garcia (Iruñea, 1893-Derio (Bizkaia), 1937). Frankistek fusilatu zuten, «sozialki arriskutsua» zelakoan. EAJren inguruko La Tarde egunkarian idazten zuen Mirrek, Bilbon. Gizonen artean, ezohiko sinadura zen harena. 36ko gerraren aurretik, Mirrek gizarte gaiak lantzen zituen, eta bere bakezaletasuna ere islatzen zuen artikuluetan. Eta nazionalek gerra abiarazi zutenean, egiten ari ziren triskantzak kontatu zituen kazetariak La mujer escribe (Emakumea idazle) atalean —La Tarde-k azalean argitaratzen zuen—. Frankistek kazeta hura itxi eta egun gutxira eraman zuten atxilo Mir. Hala kontatzen dute Eraildako emakumeak, oroimen absentea dokumentalean —Primeran plataforman ikusgai—. Gogora institutuarentzat egin zuen lana New Digital Media ekoiztetxeak.
Dokumentalean kontatzen dutenez, 1936tik 1945era, 984 emakume erail zituzten; eta horietatik, hemezortzi andre gerra-epaiketa egin ostean fusilatu zituzten frankistek. Baina beste 42 emakume «estrajudizialki» fusilatu zituzten. Eta 527 andre bonbardaketen biktima izan ziren. «Gatibu zeudela», beste 223 emakume hil ziren —tartean ziren EAEtik kanpo preso hartutakoak, eta Euskal Herrian preso hartu eta beste espetxe batzuetan hildakoak—. Frontean, hamahiru andre hil ziren.
Mirren istorioaz gain, 36ko gerrako beste emakume batzuen hilketaren eta fusilamenduen berri ematen da aipatutako dokumentalean. Haien senideen lekukotasunaren laguntzaz: Florencia Olazagoitia sozialista haurdun zen, faxistek Arrasateko (Gipuzkoa) bere etxetik eraman zutenean; Emeteria Aranburuzabalak Eskoriatzako (Gipuzkoa) baserritar bat zen, bederatzi seme-alaba zituen eta ez zuen politikarekin harremanik izan inoiz. Baserritik eraman zuten frankistek, handik egun gutxira Hernanin (Gipuzkoa) fusilatzeko; Berta Peña Sestaoko (Bizkaia) sozialista bat zen, eta datorren asteazkenean beteko dira 87 urte gerra irabazi zutenek fusilatu zutenetik. Haien izenak ezin dira historiatik ezabatu.
2016an, Bilboko kale bati Juana Mir izena jartzeko eskaera egin zuten lau emakumek, eta proposamenak ez zuen aurrera egin. Baina ezin da memoriarik idatzi haiek gabe. Bada detaile bat, nahikoa adierazgarria: Mir kazetariaren argazki bakar bat ere ez dago gorderik.
Tish Murtha
36ko gerrako kontuekin jarraitu nahi duen irakurleak aukera ezin hobea du Oroiteria webguneko edukietan murgilduta. Euskaraz sortutako egitasmoa da, eta testigantza ugari ikusi eta irakur daitezke bertan —Ahotsak.eus-etik jasota dauden emakume batzuen elkarrizketak hunkigarriak dira—.

Martxoak 8 joan da, edonola ere, eta beti dago aukera ikus-entzunezko lanetan emakume borrokalarien izen gehiago deskubritzeko. Filmin plataformak, kasurako, Tish dokumentala jarri du berriki katalogoan. Lan bikaina da, zinez, eta Tish Murtha (1956-2013) argazkilari britainiarraren bizitza hurbiletik erakusten du, haren alaba Ella gidari dela. Langile klaseko jendearen argazkiak atera zituen Murthak, batez ere Newcastle hirian (Ingalaterra). Londresen ere bizi izan zen bolada batean, eta Sohoko kaleetako giroa erretratatu zuen. Behe klaseko artista bat zen, langileen artean ibiltzen zena argazki kamerarekin tiro eginez.

Tish dokumentala Paul Sng zinemagileak zuzendu zuen, eta Sheffiel Doc/Fest jaialdian saritu zuten. Zirrara eragiten dute filmean ageri diren argazkiak, Murthak gizarte desberdintasunak islatuz kamerarekin atera zituen zuri-beltzeko irudiak.