Asteazkenean Palestinarekiko elkartasuna eta konpromisoa adierazteko lanuzte eta mobilizazioek oihartzun handia izan zuten Hego Euskal Herrian, eta hainbat euskal irratik egunaren zuzeneko jarraipena egin zuten, baita saio bereziak ere. Â
Palestinaz hitz egin zuten bezperan Hala Bediko Edo ez da izango / O no serĂ¡ irratsaio feministaren denboraldiaren lehenengo emanaldian. Hurrengo otsailean antenan hamar urte beteko dituen saio hori bi astelehenetik behin uhinetaratuko da, eta, aurreko urteetan bezala, ikuspegi feminista eta antirrazistaz begiratuko diote errealitateari. Gaztelania nagusi bada ere, euskarak lekua du, estreinako saio horretan agurra eta aipu bat besterik sartu ez bazuten ere.Â
Ez da euskarazko saioa, ezta hemen egindakoa ere, gaur aipatu nahi dudan beste saio bat, Olga Rodriguez kazetariak duela urtebete argitaraturiko hiru ataleko Heridas de guerra. Desafiando el patriarcado militarista izenburuko podcasta, alegia. Horretaz hitz egin zidaten duela zenbait egun, EHUko Ikasketa Feministak eta Generokoak masterraren hasierako ekitaldian antimilitarismo feminista hizpide izan genuela-eta. Izan ere, nagusi den gerren narratiba epiko patriarkalaren aurrean, gero eta gehiago dira gogoeta eta praktika feminista alderatzen dituzten ahotsak.
Aipaturiko saioaren lehenengo atalean, mintzagai izan zuten emakumeek bizi-iraupenerako eta gatazkan duten funtsezko papera; bigarrenean, berriz, emakumeen gorputzak gerra-lurralde moduan aztertu zituzten, gatazketan bizi duten indarkeria espezifikoak agerian utziz; eta, azkenekoan, bake-negoziazioetan emakumeak baztertzeak patriarkatuaren betikotzea dakarrela jaso zuten. Duela hamabi hilabete emititu zen arren, gaurkotasun osoa du podcastak, dudarik gabe.
Ez da zaharkiturik geratu BERRIAren Ikasgelan eskuragai dagoen Berria FM podcastaren Eta gerrak emakume aurpegia balu? izenburuko atala, 2022ko apirilean Amagoia Mujika Tolaretxipi, Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Ane Irazabal kazetariekin Maider Galardi F. Agirrek gidaturiko solasaldia. Ukrainako eta Kongoko Errepublikako gerrak izan zituzten hizpide, eta horrek ere beste gogoeta bat eginarazten dit. Izan ere, aipaturiko hiru saio horietan badago ikuspegi deskoloniala uztartzeko ahalegina, eta, nire aburuz, ez da kasualitatea hori feminismotik egitea.
Â