Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Emanaldi bakarrarekin

2013ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Ez dakit zenbat emanaldiko tartea eman behar zaion telebista saio bati bere horretan berretsi edo etxera zuzen bidaltzeko. Zalantzan nengoen bi emanaldi aski ote ziren ETB2k estreinatu berri duen Implicada saioa tentuz juzkatzeko. Baina bi emanaldiak izan dira tumatxak —ei, lasai, saioaren aurretik jada erabiltzen genuela adjektiboa—: erakutsi digute gertuko errealitate ezezagunetan nola sartu den Ana Urrutia eguraldi aurkezlea, hemendik aurrera La Tempi edota Chochete ere deitu ahal izango duguna —oraintxe ulertuko duzue zergatik—.

Ijitoen kulturari buruzkoa izan nahi zuen lehenak. Ea, egin dezagun ariketa: ijitoez ari garela, zer erakuts dezakegu telebistan? Ijito ezkontza bat; ondo. Meza ebanjelari bat; primeran. Azoka bat; bikain! Zertarako burua gehiago estutu, ezta? Gaizki diot, gai labainagoak ere hunkitu zituzten, adibidez politika. Ijito batek: «EAJkoa naiz, itsu-itsuan». Urrutiak: «Independentista?». «Tira, hainbesteraino ez», ijitoak —ez al dizu esan EAJkoa dela?—; «Elkarrekin indartsuagoak gara». Kazetaritza ikuspuntutik oro har zen saio kaskar xamarra, galdezka ea oraindik ezkontzetan emakumeei egiten zaien zapiaren froga. Argi dago ez duela ikusten Cuatro kateko Palabra de gitano. Kontuan hartzekoak, halaber, saioa editatzean tartean sartzen dituzten Urrutiaren oharrak. Auzolotsaren mugan: «Nik jarraitzen nuen nire gurutzada feministakin», egiteagatik galdera pare bat emakume ijitoen gainean.

Gurutzada feminista bat egin nahi bazuen aski zuen bigarren saioan emakumearen gorputzaren erabilera kritikoki aztertzea. Baina horren ordez parte hartu zuen emakumeak objektu gisa erabiltzen dituen hainbat ekitalditan. Erotismoaz omen zen saioa. Estutu dezagun burua berriz: argazki erotikoen saio bat, barra amerikarreko klase bat, azpiko arropa erakusteko desfile bat. Dena halako hausnarketekin: «38 taila izateak ez du derrigor esan nahi erotikoa izatea». Eta ipur-masail, izter, paparreko irudi dosi justuekin. Pasa gabe, euskaldunak garela. Irakaspen gisara, hauxe: «Norberak bere gorputzarekin egin dezala nahi duena». Eskerrik asko, Ana Urrutia, baimena emateagatik.

Zalantzan nengoen bi emanaldi aski ote ziren Implicada saioa tentuz juzkatzeko. Baina uste dut badaudela emanaldi bakarrarekin etxerako bidea hartzea hobe luketen telebista programak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.