Aspaldi onartu nuen telesailen gaindosiak irentsita ezinezkoa dela estreinatzen den guztia ikustea. Baina tsunami horren barruan harribitxiak galtzen direnean, amorrua sortzen da, frustrazioa.
Harribitxi horietako bat da Empathie telesail kanadarra. Azken boladan ikusi dudan telesailik bereziena, garunean eta bihotzean iltzatuta geratzen den horietakoa.
Hamar ataleko telesail honek dramaren eta umorearen artean egiten du jauzi, eta Montrealgo ospitale psikiatriko batera eramango gaitu. Kokalekua ez da erabat ezezaguna, askotan ikusi dugulako antzeko eszenatokia zineman, baina, hortik abiatuta, istorioak enpatiari buruzko hausnarketa intimo eta sakona proposatzen du. Tonua da berezia, gutxitan ikusitako samurtasun, gordintasun eta errespetuarekin.
Florence Longpre, telesailaren gidoilaria izateaz gain, protagonista ere bada, eta Suzanne Bien-Aimeren rolean ari da: kriminologoa da, baina, tragedia pertsonal gogor baten ondoren, lanbidea aldatu eta psikiatriaren munduan murgiltzen da. Bi urtez lanbidetik aldenduta egon ondoren, Mont-Royal ospitale psikiatrikora itzuliko da, bere bizitza berreraikitzeko asmoz. Baina laster konturatuko da pazienteekin eta haien istorioekin duen harreman estuak bere zauriei pertsonalei ere eragingo diela.
Bere bizitza eta identitate profesionala berreraikitzen saiatzen den bitartean, ohartuko da entzutea, ulertzea eta laguntzea osasungarria bezain suntsitzailea izan daitekeela. Lurralde anbiguo horretan, Mortimer lankidea ezagutuko du; bien artean sortzen den harremana berezia eta ñabarduraz betea dago.
Istorioak erakusten ditu, batetik, ospitalean artatzen dituen egonaldi luzeko pazienteen egunerokoa eta haien istorioak; eta, bestetik, Suzanne eta Mortimerren bizitza pertsonalak. Bi planoak bikainki garatuak daude.
Osasun mentalari heltzeko duen modua txalogarria izateaz gain beharrezkoa iruditzen zait. Estereotipoak albo batera utzi, eta gizatasunez begiratzen duelako. Minari izena jartzen dio, baina epaitu gabe. Eta, horretan, telesailari darion tonu berezian, Phoebe Waller-Bridge-ren esentzia ekartzen du gogora: zintzoa, gordina eta, aldi berean, samurki ironikoa.
Empathie batzuetan laztan leun bat da; beste batzuetan, ustekabeko zaplazteko bat. Baina beti, erabat gizatiarra.
Â
Â