Ameriketako Estatu Batuetako landa bakartian girotuta, amatasuna eta osasun mentala jokoan jartzen ditu Lynne Ramsay zuzendariaren Die My Love filmak. Jennifer Lawrenceren interpretazio indartsu eta basatiak abisurik gabeko thriller psikologiko batera eramango zaitu. Izaroren abestiko lerro bat etortzen zait burura deskribatzeko: «Baina bildu nuen estuegi, eta azkenean erori nintzen ni».
Ariana Harwiczen Matate, amor eleberrian oinarrituta, filmak Graceren amatasunaren inguruko bidaia bortitza erakusten du. Grace, idazle gazte bat (Jennifer Lawrence), New Yorketik Ameriketako Estatu Batuetako landa eremura joango da bere mutil-lagun Jacksonekin (Robert Pattinson) bizitzera, etxe huts batean. Hasieran, giro-aldaketa horrek askatasun sentsazio ia estasizkoa bizitzeko aukera ematen dio bikoteari, grina sexualak eta musikarekiko pasioak bultzatuta.
Hala ere, amodio idiliko hori kolokan jarriko dute Graceren haurdunaldiak eta haurraren jaiotzak, eta familia-oreka erabat aldatu. Alde batetik, Jacksonek rol patriarkal bitxi bat hartuko du, laneko absentziak baldintzatua; bestetik, Grace egoera depresibo batean murgilduko da, asebetetze sexualaren faltan eta bakardadean sustraituta.
Depresio hori, ordea, filmean zehar areagotuz doa, eta egoera bortitzetara, umore-aldaketetara eta indarkeriara eramaten du. Sentsazio arraroa uzten du filmak: deseroso sentiarazten zaitu, baina, aldi berean, Gracerekin enpatizatzera eramaten zaitu. Ia beti bakarrik dago etxean; ez du ia inor inguruan, amaginarreba izan ezik, eta asko maite duen semea. Familia tradizional baten paperean sartu da uste baino azkarrago, eta, gainera, ez du idazteko gogorik aurkitzen. Baina inoiz ez du bere semea negarrez uzten, beti dago hor harentzat.
Zerbait esatekotan, filma aurrera joan ahala, brote psikologikoen errekurtsoa gehiegi erabiltzen dela iruditzen zait, eta batzuetan modu gehiegizkoan, Graceren pertsonaiari behar adinako denbora eta lasaitasunik eman gabe. Horren ondorioz, Die My Love errusiar mendi batean behin eta berriro erortzen den film bat bihurtzen da, amatasunaren alde iluna modu gorabeheratsuan erakusten duena. Deseroso sentiarazten badu ere, bisualki badu indar nahikoa ikuslea astintzeko, eta, batez ere, Jennifer Lawrenceren interpretazio bikainak mantentzen du esna.