Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Erakusleihoa nola erabili

2023ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Mikrouhin labeaizan ezik, dena doa izugarri azkar. Orain hamar urte genituen kezka eta eztabaida asko berriagoek ordezkatu dituzte. Pandemian denon ahotan zeuden hitzak ahaztu zaizkigu aspaldi. Dena zaharruno bihurtzear denean, ulertzekoa da ekoizpen motela duten filmetan edo telesailetan aktualitateari izkin egitea. Edo beharbada aitzakia besterik ez da. Distopia, fantasia edo epokako lanak gaurko gatazkei behar besteko sakontasunez ez heltzeko zuribidea izan daitezke.

Baina bada gure garaien zulo guztiei parez pare begiratzera ausartzen den sortzailerik. Eta harrigarriagoa dena: bakarren batzuek streaming plataforma erraldoiek haien lana ordaindu eta zabaltzea lortu dute. Zerocalcare komikilariak, esaterako. Strappare lungo i bordi animaziozko sailarekin Netflixera eraman zuen aurrez komikigintzan jorratutako bidea. Eta sekuela plazaratu berri du orain: Questo mondo non mi renderĂ  cattivo. 40 urteko bueltako italiar antifaxista da Zerocalcare, eta haren alter egoa da bi telesailetako protagonista. Gizon zuri ezkertiarraren herrenetan arakatzeko modu autobiografiko horrek, narratiba irudimentsu eta biziarekin batera, milaka lagun harritu eta hunkitu zituen. Bigarren ale honetan ere bi ezaugarri horiei eutsi die.

Horrek ez du esan nahi garapenik ez dagoenik. Lehenengo telesailak pertsonaiak eta euren mundu-ikuspegia aurkeztu zizkigun. Orain, aldiz, ezin garaikideagoa den gertakaria jarri du istorioaren erdian: pertsona migranteak jasotzeko zentroak langile-auzo batean eragin duen erreakzio faxista. Lagun zaharrek, eta auzokideek oro har, hartuko duten jokabideak asaldatuko du protagonista. Atalez atal, galdera saldoa izango du zintzurrean behera eta gora: nola iritsi dira lagunak diskurtso naziak eurenganatzera? Oparotasunean bizi den norbaitek epaitu ditzake ezinean harrapatuta bizi direnen ideiak? Nola egin behar zaie, orain eta hemen, faxistei aurre? Erantzunak zuzenean eman beharrean, erantzunetaraino egiten duen bide erraria erakusten digu. Kontu tekniko soilei erreparatuz gero, izango da lehen telesaila nahiago duenik. Baina bigarren hori bereganatu duen erakusleihoa arduraz erabiltzeko ahalegin anbiziotsua da: behartu gaitu daukagun eta desafiorik handienari begietara begiratzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.