Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Errefuxiatuak

2025eko ekainaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Albistegietan gerra hotsak gero eta ozenago entzuten ari garen garai honetan gogoratu behar dugu gatazka horien biktimen artean zaurgarrienak umeak direla; horren lekuko, zalantzarik gabe Palestinatik guri begira dauden haur aurpegi izutuak. Israeldar armek hiltzen ez badituzte, sionistek eragindako goseteak akabatzen ditu, eta soilik bakan batzuek lortu dute infernu horretatik ateratzea, errefuxiatu bihurturik.

Ez da hainbeste ume euskaldunak izan zirela gerra-errefuxiatuak, eta horretaz hitz egiten du Naiz Irratiak estreinaturiko Habana 1937 kafe-nobelak. Ehunka haur zeramatzan, Santurtzitik Erresuma Batura abiatu zen itsasontziaren historia kontatzen du, edo, hobeto esanda, toki segururaino txikiak eramango zituen operazioaren prestaketa, gainditu beharreko oztopoak eta izandako hartu-emanak azaltzen ditu Wilfrid Roberts North Cumberlandeko diputatu liberalaren eta Leah Manning Alderdi Laboristako aktibistaren arteko gutun eta telegramak oinarri hartuta fikzionaturiko kontakizun historiko honetan.

Goiuri Ezeizak sortu eta zuzendu duen hiru ataleko podcast horren bidez, hasieran lerro horietan aurkitu zuen testigantzaren inguruko erreportajea zena kontakizun dramatizatu bihurtu da, non protagonistek bizia hartzen duten, eta horiekin beren emozioak, frustrazioak, partekatzen ditugun. Gaur, errealitatearen aurrean eskuak gurutzatuta geratzea ez dela aukera uste dugunok izan ditzakegun antzeko sentipenak ziren haienak. Eta guztiak entzun ez baditut ere (azken atala uztailaren 4an emitituko dute Bigarren Kafea-n) oso errealizazio bikainez eta mimo handiz egindako saioa dela nabarmendu nahi dut.

Eta errefuxiatuez ari naizela, aurreratu ahal dut hurrengo Mugak Zabalduz karabana Irungo mugatik aterako dela uztailaren 12an, eta Baionan salatuko dituela persona migranteek pairatzen duten indarkeria poliziala eta solidarioen aurkako zigor-politika, Calaisera abiatu aurretik. Hori dela eta, aukera ona izan daiteke Ulu Mediak EITBrako ekoizturiko Harresi Ikusezinak podcasta berriz entzuteko. Jatorrizko bertsioan edo euskarazkoan, sei ataletan, besteak beste, Europara bidean Euskal Herria zeharkatzen duten pertsonen testigantzak eta Bidasoan hildakoen oroimena jasotzen dira. Azken horiek omenduko dituzte karabanako partaideek, eta horien bidez gerrek, mota anitzeko jazarpenek edota aldaketa klimatikoak errefuxiatu bihurtzen duten pertsona oro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.