Aste Santuan bizitzen diren tradizioen jarraitzailea ez banaiz ere, errespetu handia diet tradizio erlijiosoei. Erlijio kristauan hezi nintzen, baina fedea ez dut inoiz jarraitu eta alde batera utzi nituen erlijio kristauko errituak eta ohiturak. Hiri bat bisitatzen dudanean gustatzen zait bertako elizak ikustea, baina mezetan baldin badaude, gutxitan sartzen naiz elizara, errespetuagatik.
Aste Santua amaitu dugu eta nire lagun batzuen artean baditut prozesioen zaleak direnak. Nire gertuko lagun bat Sevillako da eta berak erlijioa alde batera utzi bazuen ere, prozesioak bere kulturaren eta identitatearen parte direla azaldu izan dit askotan. Bere pasioa ulertzea asko kostatzen bazait ere, asko errespetatzen dut berak nola bizitzen duen Aste Santua.
Errespetu hori, ordea, ez da guztiok dugun zerbait. Aurreko astean TV3eko Està passant saioan Rocioko Ama Birjinaren inguruko parodia egin zuten. Parodia oso gaizki hartu dute Andaluzian, eta bertako politikari batzuek kritika egin diote TV3eko esketxari. Kritikatu baino lehen, ikusi egin dut. Parodia ikusten nuen bitartean, aurkezleei grazia zerk egiten zien ulertzen saiatu nintzen, baina ez nuen lortu. Umorearen mugen inguruan asko idatzi da, baina argi dut umorea behetik gora egin behar dela. Kasu honetan TV3eko saioan Andaluziako tradizioen inguruan mespretxuzko barreak egin ziren.
Saio horren inguruan kritika zorrotza egin zuen pertsonen artean, Teresa Rodriguez dago. Bere Twitterreko kontuan argi utzi du Aste Santuaren inguruan barre egiteko tartea badagoela, baina andaluzofobia salatu du. Horretarako, Brigitte Vasalloren esaldi bat aipatu du: «Umorea, barrurantz eta gora, bestela opresioa da». Katalunia da Andaluziako immigrazio gehien duen erkidegoa. Hori kontuan hartuta, Kataluniako biztanleriaren artean esketx hori nola hartu den jakitea ondo egongo litzateke.
Valeria Rosek aurkezten duen Akelarre saioan euskal tradizioekin barre egiten saiatzen da, baina duela hilabete batzuk bere umore hori salatu egin zen sare sozialetan eta zutabe honetan. Umorea egiteko bide asko daude, baina errespetua ezinbestekoa da barre egiteko. Errespetu faltek barre egiteko gogoak kentzen dizkidate eta kontrako efektua eragiten didate, barre egin baino gehiago, haserretu egiten naiz.

EKOGRAFIAK
Errespetua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak