Sara Azurza
Ekografiak

Errezeta perfektua

2026ko uztailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zein ote da bizitzaren errezeta perfektua? Seguruenik, ez dago galdera horrentzako erantzun bakar edo perfekturik. Garrantzitsuena eguneroko keinu txikietan dago, gu geu eta ingurukoak pixkanaka hobeak izatera bultzatzen gaituzten horietan. Hori da, hain zuzen ere, Vingt Dieux (Hogei jainko) film frantsesak kontatzen duen istorioaren muina. Filminen ikusgai dagoen opera prima horrek Totoneren bidaia du ardatz.

Totonek (Clement Faveau) zama handiegia darama bizkar gainean. Aita hil egin zaio, ama ez da inon ageri, eta, ondorioz, Claire arreba txikia zaindu behar du. Aldi berean, munduak beragandik espero duen gizon gogor eta bortitzaren irudiari eusten saiatzen da.

Hala ere, Totonek badu aurrera egiteko plan bat, inozoa bezain itxaropentsua: comte gazten lehiaketa batean parte hartu eta 30.000 euro irabaztea, berak eta arreba txikiak etorkizun duinagoa izan dezaten. Bidean, ordea, pertsona hauskor eta kontraesankor gisa ezagutuko dugu; batzuetan oldarkorra da, beste batzuetan samurra. Pertsonaia horren bidez, landa eremuko maskulinitatearen kontraesanak erakusten dira, zaurgarritasunari leku gutxi uzten dion eredu batetik abiatuta.

Filmak arnasa hartzen du Totonek lagunekin eta arrebarekin duen harremanean. Lotura horiek oreka emozionala ematen diote gogortasunak markatutako ingurune bati. Gauza bera gertatzen da Marie-Lise (Maiwene Barthelemy) ezagutzen duenean. Baserritar gazte zuzena eta zintzoa da, eta bien arteko loturak, pixkanaka maitasun harreman bihurtzen denak, freskotasuna ematen dio istorioari. Haren bidez ulertzen dugu filmaren berotasuna ez dela kasualitatea, kontakizunaren ardatzetako bat baizik.

Istorioaz harago, Vingt Dieux-ek landa eremuaren edertasuna eta haren kontraesanak ederki jasotzen ditu. Batetik, paisaiaren eta tradizio baten aberastasuna erakusten du; bestetik, aukera gutxi eskaintzen dituen herri txiki batean bizitzeak sortzen duen itolarri sentsazioa azaltzen du. Umorea eta eguneroko keinu txikiak tragediarekin uztartuz, filmak ez du etsipenetik hitz egiten, gizatasunetik baizik.

Amaiera arrakastatsurik edo irtenbide miragarririk eskaini gabe, nerabezaroaren eta helduarorako trantsizioaren inperfekzioa besarkatzen du. Horregatik, Filminen ikusgai dagoen opera prima honek bere berotasunagatik, zintzotasunagatik eta samurtasunagatik harrapatu nau. Amaitutakoan ere barruan geratzen diren film horietakoa da. Oso gomendagarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA