Zarata handirik atera gabe egin du ibilbidea Esclavas saioak. Maiatzean estreinatu zuen Mediasetek. Cuatro katean ikusi ahal izan genuen estreinako atala, maiatzaren 25ean izan zen, prime time-an. Eskerrak Mitele bezalako plataformak existitzen diren, non, kurtsoan zehar galdu ditugun saio guztiak udan errekuperatzeko aukera ematen diguten. Hala ere, urte osoan Ekografiak zutabetik behin eta berriz errepikatu dugun bezala, nahierako plataformetan telebistak oraindik lan handia egiteko dauka. Izan ere, biltegiak balira legez erabiltzen dira. Internet bidezko telebistaren aurrean paratzen den ikuslea eta telebista aparatuaren erritmora makurtzen den ikuslea ez dute zertan pertsona berdina izan. Telebista ikusteko beste modu bat posible baldin bada, agian, beste telebista formula bat posible delako da.
Hein horretan, Esclavas telesailak arras ondo egin du. Izan ere, telebistan zein Internet bidezko telebistan inpaktua daukan 12 meses 12 causas kanpainaren barnean jaiotako proiektua da. Beraz, Mediaset etxekoa izateagatik, hau da, komunikazio taldearen irudi onerako ezinbesteko pieza denez, ekoizpenak tratu ona bermatuta dauka. Hain justu, tratu txarrak eta horietan trata salatzen duen saioa da.
Ezinbestekoa da Esclavas ekoizpenak egindako lana. Bertan, sexu esklabo izan diren zortzi emakumeren bizipenak kontatu dituzte. Aitortza gardenak, zorrotzak eta mingarriak entzuten diren arren, sarri askotan leunegia suertatzen da saioa. Zergatik? Hein batean penatik jaiotako trataera ematen zaielako, euren bizirauteko indarrak erakuts ditzakeen gordinkeri mingarriak dokumentalaren zentro bilakatu beharrean. Funtsean, ez baita salatzen esklabo sexualen egoera, hein handi batean, ordaintzen duten pertsonen ardura dela. Gehienak gizonak dira, sarri askotan euren pribilegioen jakitun ez direla sinetsarazi nahi digutenak. Abiapuntua ez badago argi, hau da, sexu esklabotzaren motore nagusia zein den ez badigute argitzen, arazoa azaleratu arren, zaila da horren inguruko hausnarketa osatua egitea. Zortzi atal ditu, eta bakoitzean emakume batek kontatzen du bere esperientzia. Mafietatik askatzea lortu duten emakumeen bizipenak dira; ez, ordea, aske bizi diren emakumeenak. Baina guzti hori ulertzeko onena telesaila ikustea da.
EKOGRAFIAK
Esklaboak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu