Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Estalitako ahotsak

2026ko urtarrilaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gabonak igaro dira, eta horiekin batera nire sakelako telefonoan metaturiko podcasten zerrenda zertxobait arindu da, oporraldian aukera izan baitut lasaitasunez paseatzeko, irratsaioak kaskoetan. Segur aski behar edo nahi baino gutxiago entzun ditut, baina hona ekartzeko material interesgarria topatu dut. Aste honetan, udalen berdintasun sailetatik eta emakumeen etxeetatik zehar egindako txango batean topatu ditudan podcast batzuk dakartzat, emakumeen ahotsa eta ekintza ilunpetik ateratzen dituztenak.

Basauriko Marienean joan den hilean bi atal eskaini dituzte; lehenengoan, musika-industria ondo ezagutzen duten lau emakumek hausnartzen dute oso maskulinizatuta dagoen esparru horretan andreek duten paperaren inguruan; bigarrenean, berriz, Estereotipalk, Kiskali eta Emakume Zahar Feministen taldeko kideek bakardadearen inguruan hitz egiten dute Monica Ramosekin. Ordubete irauten duten solasaldiak dira, gaztelaniaz, eta bideopodcast formatuan.

Beste emakumeen etxe batetik, Zarautzetik, Toldopeko ahotsak izeneko podcastaren hiru ataleko bi denboraldi eskuragai daude YouTuben; 2024ko eta 2025eko udetan grabaturiko saio horietan, besteak beste, arkitektura, amatasuna, zaintza eta baserria izan dituzte hizpide; denak euskaraz, momentuz azkena dena izan ezik, non Afganistango bi emakumek herri horretan bizi duten egoeraren lekukotza ematen duten.

Guk, Erandioko Emakumeok podcasta dugu hurrengoa. Bederatzi ataletan zehar, Amaiak eta bere alter ego Laiak, ahots aditu eta arituen laguntzaz, Erandioko historia ezagutzeko aukera eskaintzen digute, emakumeek izandako protagonismoa agerian utziz. Irungo Udalaren eskutik, berriz, Gipuzkoako hiri horretan emakumeen utzitako aztarnen inguruko saio-sorta dago entzungai. Izen-abizenez agertzen diren irundarrez gain, andreek egindako lanbideak hizpide dira bizpahiru minutu irauten duen atal bakoitzean.

Zerrendan sartu nahi dudan azken podcasta Kuku! Ezkutuan dauden emakumeak da, eta berdintasun sail batek bultzatzen ez duen arren, izen bereko antzerki-lana hainbat udaletan programatu da. Lan dramatikoan bezala, Beak eta Andreak 15 euskal emakumeren biografia argitara ekartzen dute hamar minutu irauten duten beste hainbeste ataletan. 

Podcasta genealogia feminista erakutsi eta ikasteko tresna ere izan daitekeelako froga!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.