Atopia aurkeztu berri dute Durangoko Azokan. Rol joko bat besterik ez, rol joko batek daukan garrantziarekin. Etorkizun posibleak fikzioaren bidez bizitzeko, prospektiboki lantzeko, enpatia lantzeko, aluzinatzeko... aukera ematen duen objektu kultural batekin tentuz ibili behar da, ez baikaude ohituta etorkizunak idaztera; egunero egiten badugu ere, inertzia izaten da gure bide bakarra. Pentsatzen ez ditugun etorkizunak bizi ditugu edo beste batzuek irudikatutakoak erosi. Une honetan, bi dira eskaintza nagusiak etorkizunen merkatuan.
Bata, retrotopia: iraganean ibilitako bideetako ziurtasunetan nabigatuz, etorkizuneko erantzun guztiak iraganean topa daitezkeela pentsatzen duen sinismena. Teknologia erabiliko badute balio horiek indartzeko eta jendartea kontrolatzeko izango da; mekanismo biopolitiko autoritarioenei eskala handiagoa emateko.
Bestea, soluzionismo teknologikoa: arazoei erantzun efektibo bat emateko gaitasuna dugula eta arazorik gabeko gizakiaren gaindiko etorkizun teknologiko baten sinismena da. Hiperkapitalismo hori ezartzen den lurraldean, aurreko kontsentsu eta eskubideak alboratzeaz bizi da. Araudi horien gainetik eta horien kontura gure bizitzaren alor guztietan desregulazioa bultzatuz eta birdefinituz lortzen dute hori.
Plataforma kapitalismoaren edo kapitalismo digitalaren bi aurpegiren isla dira: neoliberalismoa eta bere aurpegi autoritarioa faxismoa den bezala, biek helburu berari erantzuten diote.
Horren aurrean, gure etorkizun posibleak asmatzeko aldarri bat da hori, baita teknologiatik. Lehen pauso bezala, bazter ditzagun teknofobia eta Hodeia bezalako metaforak, zerbait ukiezin, jainkotar bat aditzera ematen dutenak, eta goazen Donna Harawayen metaforatik gertuko zerbait irudikatzera: cyborg-ak gara eta teknologia zerbait oso ukigarria eta materiala da, gure bizitzetaraino, gu izateraino, eta gu geu zer garen zalantzan jartzeraino iristen dena. Ez dugu utopiarik behar edo utopia berriak behar ditugu, utopia egingarriak, hori posible bada. Ezinezkoaren esparruan sartu behar gara, zabaldu, baina gauza berriak eraikitzeko. Hori da, ondo ulertu badut, Atopiak proposatzen duena. Finean orainalditik eraiki beharreko etorkizunaren nostalgia izatea, fikziozkoa bada ere.

Irlen sarea
Etorkizunaren nostalgia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak