Aurreko astean, Suetena saretik paperera artikuluan jendearen iritziak bildu eta gehienen mezu positiboaren berri izan genuen. Gaur, aldiz, #notimeforlove —Ertzainak taldearen abesti ezagunagatik— da sarean gehien erabiltzen ari den etiketa. Azken atxiloketen ondorioz jendearen amorrua erakusten duen hitz sinple bezain esanguratsua.
Baina atxiloketa horiek zerbait berezia dute Internetekin loturik. Horietako batzuen atxiloketak Apurtu.org webgunea elikatzeagatik dira. Hau da, bertan informazioa zabaldu eta argitaratzeagatik. Jarduera hori eteteko bidea atxiloketak izan dira. Nire ustez, neurri erabat bortitza eta beharrezkoa ez zena.
Horrek adierazten du Interneten adierazpen askatasunaren aurkako beste eraso bat izan dela. Webgune baten jarduna trabatzeko, epaiketarik gabe, webgune horretan ibiltzen direnak atxilotzeko aukera ireki dute. Edo, larriagoa dena, webgune baten aitzakiarekin jendea atxilotu eta inkomunikatzeko aukera zabaldu dute.
Sinde legearen aurkako mobilizazioetan, epaile baten baimenaren bidez eta behin delitua egon zela frogatutzat emanda, webgune bat ixteko aukerarengatik borrokatu ziren. Euskal Herrian muga horiek guztiak gainditu dituzte. Ez da epaiketarik behar; webgunea itxi daiteke —irekita badago ere—, eta webguneak ixtea ez da kalte bakarra, pertsonek jasaten baitute errepresioa.
Laborategi errepresibo bat balitz bezala, horrelako ekintzak Euskal Herrian ez dira berriak. Ez, ez naiz gatazkaz ari, baizik eta zibergatazkaz. Terrorismoaren aitzakiarekin, hemen probatu izan dira ondoren Espainiako Estatuan aplikatuko ziren neurri errepresiboak. Lehen webgunearen DNS bidezko zentsura hemen gertatu zen, webgune baten arrazoirik gabeko eta ofiziozko itxiera ere, baita hainbat sare sozialetako arrazoi zehatzik gabeko itxierak ere.
Horiek denak hemen hasi edo probatu bai, baina ez dira horretan gelditu. Politika horiek guztiak ondoren beste esparru batzuetara zabaldu dituzte. Gaur hemen sarean ikusten ditugun politika errepresiboak berehala beste lekuetan ere ikusiko ditugu. Adierazpen askatasunaren aurkako eraso bat izateaz gain, Internet ezagutzen dugun bezain libre izatea nahi dugunontzat eraso larri bat da. Lehenik komunisten bila etorri ziren...
Irlen sarea
Etorri ziren...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu