gaizka izagirre
Ekografiak

Eulien jauna

2026ko maiatzaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

William Goldingen Lord of the Flies eleberriaren bi egokitzapen egin dira orain arte zineman; 1990eko bertsioa oso txikitan ikusi nuen, eta han agertzen ziren zenbait eszena oraindik ere iltzatuta ditut burmuinean. Orain, Adolescence telesail arrakastatsuaren sortzaile Jack Thornek hirugarren egokitzapena egin du, baina telesail formatuan. Orain arte egin direnen artean, ziurrenik bereziena eta ausartena da.

Istorioak hegazkin istripu baten ondorioz uharte tropikal batean harrapatuta geratzen den ikasle ingeles talde baten biziraupen borroka kontatzen du; helduen presentziarik gabe eta gizartearen arauetatik kanpo. Hori da abiapuntua, baina eleberrian bezala, gertatzen den guztiari azalpen logikoak edo erantzun argiak bilatzen dizkioten ikusleek ez dute halakorik aurkituko.

Thornek, Adolescence telesailean egin zuen moduan, maskulinitatea, talde indarkeria eta nerabeen arteko autoritarismoaren sorrera aztertzen ditu hemen ere. Aldi berean, itxuraz xaloak diren pertsonengan ere indarkeria nola pizten eta hedatzen den erakusten du.

Gehiegi azaltzen ez duen gidoi baten gainean eraikita dago kontakizuna. Istorioaren lau protagonistetako bakoitzari atal bat eskaintzen zaion arren, narratiboki proposamen bitxia eta ezohikoa da.

Bisualki, telesailak estilo oldarkor eta hipnotikoa erabiltzen du. Mark Wolfek arrain-begi lenteak, desenfokatzeak, muturreko kolore saturazioa eta isilune musikal luzeak baliatzen ditu desorientazioa eta paranoia transmititzeko. Horrek irla espazio ia oniriko eta gaixobera bihurtzen du, eta, hala, gazteak errealitatearekiko lotura galtzen ari diren sentsazioa indartu. Gaueko sekuentzia asko kamera infragorriekin grabatu dira, eta horren ondorioz, uharteak tonu psikodeliko eta ia amesgaiztoetakoa hartzen du.

Baina hor agertzen da telesailaren arazo nagusietako bat ere: zenbaitetan, eszenaratzea istorioaren gainetik jartzen da. Kontatzen dena eta erabiltzen den forma bisuala oso erakargarriak diren arren, tarteka astun samarra egiten da. Narrazioak eta estetikak talka egiten dute batzuetan, eta bigarrenak lehenengoa partzialki irensten du. Sarri, ikusten duguna interesgarriagoa bihurtzen da kontatzen zaiguna baino.

Tonu eta erritmo arazo horiek gorabehera, oso telesail gomendagarria da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA