gaizka izagirre
'Ekografiak'

Euskal lainoaren pean

2025eko ekainaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pablo Hernando gasteiztarraren Una Ballena film luzea iritsi da Filminera, eta ikustera doazenentzat gomendio xume baina garrantzitsua plazaratu nahi dut: aldez aurretiko jarrera ona izan, erantzi aurreiritziak eta onartu zuzendariak hasieratik proposatzen dituen lizentzia eta kode bereziak. Ez da arrazoizko eran ikusi beharreko proposamena; atmosfera bitxi eta sakonki pertsonalean murgiltzeko prest daudenek bakarrik sentituko dute film honek eskaintzen duen xarma isila.

Zinema beltzaren, zientzia fikzioaren eta beldur lovecraftiar zein kosmikoaren osagaiak nahasten dituen pelikula ezohikoa da Una Ballena: genero arteko bidaia ausarta eta berezia.

Fantasiazko eta misteriozko euskal-noir honetan, Ingrid Garcia-Jonssonek soldatapeko hiltzaile baten rola jokatzen du. Infiltratu eta arrastorik utzi gabe desagertzeko duen gaitasunak soldatapeko hiltzaile gupidagabe bihurtu du. Gainera, naturaz gaindiko trebetasunak ditu. Argumentua bi munduren arteko ertzean dagoen pertsonaia baten barne gatazkekin jolastuko da.

Jonssonek Blade Runner filmaren erreplikanteak gogorarazten dituen lan liluragarria eskaintzen du; bere presentzia oso magnetikoa da.

Euskal Herriko klima hezeak eta euritsuak filmaren tonu eta atmosferarekin bat egiten dute ezin hobeki; giroa bera, ia-ia, pertsonaia bat gehiago bilakatzen da. Eszenaratzea sinbologiaz eta poesia bisualez blaituta dago, eta zinema poetikoaren zein errealismo magikoaren ukitu sotilak nabarmentzen dira.

Atmosfera itogarri eta hipnotiko horren eraikuntzan funtsezkoak dira Sara Gallego argazki zuzendariaren begirada sotila eta Izaskun Gonzalez konpositorearen soinuzko ehundura delikatuak. Giro misteriotsu eta estu horren barruan, isilpeko indarkeria-dinamikak agerian gelditzen dira eta lehen begiratuan ikusezinak ziren geruzak pixkanaka azaltzen dira.

Istorio zuzen eta arruntak bilatzen dituzten ikusleek, ziurrenik, atsekabez egingo diote uko filmari: hemen metaforak dira nagusi, emozioaren eta arrazoimenaren gainetik hegan dabiltzanak. Narrazioaren hoztasunak horren aurka jotzen du hainbat unetan.

Pablo Hernandok nortasun handiko, eta ausardiaz eta indar poetikoz ehundutako proposamen berezi bat ekarri digu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.