Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Euskal thriller bat

2025eko ekainaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Podcasten kontsumoaren inguruan argitaraturiko txosten batek baino gehiagok agerian uzten dute entzuleok krimenei eta misterioari buruzko saioak gustuko ditugula; beraz, ez da harritzekoa Miriam Duquek zuzendutako Ganbara Negra gehien entzundakoen artean kokatzea. Baina nik ez dut horretaz hitz egingo: fikziozko saio bat ekarri nahi dut hona, euskaraz ekoitzia eta thriller batek dituen elementuak batzen dituena: Ahalaken. Jada Guau plataforman entzungai daude zortzi atalak, maiatzaren 20an aurkeztu eta gero.

Gauza asko azpimarratu dira dagoeneko errealitatea eta fikzioa batzen dituen kontakizun horri buruz: esaterako, adimen artifiziala erabili dutela, bai Pello Zabala zenaren ahotsa klonatzeko, bai bideo batzuk egiteko; modernitatearen ikurtzat jotzen den transmedia produktu bat dela, eta euskal eszenako ahots ezagun askok pertsonaiak gorpuzten dituztela. Nik, ordea, podcast hau entzutean izan ditudan beste bizipen batzuez hitz egin nahiko nuke.

Zortzi atal horietan, Jonek, Irulegiko Eskua topatu eta gero desagertu den Iratxe Malkorra ikertzailearen alabak, hura topatzen lagunduko dioten aztarnak bilatuko ditu Euskal Herriko hainbat museotan: Donostiako San Telmo, Gasteizko Fournier Karta Museoa, Baionako eta Bilboko Euskal Museoak eta Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria. Aukera ona guztiak bisitatzeko, ezta? Aurretik, irudikatu ahal izateko, edo, ondoren, entzundakoa imajinatzeko... Udako egun euritsuetarako plan bikaina (eta asko dira gure Euskal Herri honetan).

Beste alde batetik, fikzioan erreferentzia errealak agertzen dira, eta aukera ona izan daiteke haietara hurbiltzeko ere. Ados, ez naiz ausartzen Bernart Etxepareren Linguae vasconum primitiae hondartzako irakurketa moduan gomendatzen, baina bai Xabier Leteren abestiak berriz entzutera animatzen, baita letretan ezkutaturiko mezuak topatzera ere.

Ez dut argi gazteengana heltzen den produktu bat den (erabilitako erreferentziak belaunaldi helduagoenak direlakoan nago), baina, dudarik gabe, ekoizpen bikain baten aurrean gaude, euskal kulturara era entretenituan hurbiltzen gaituena eta kontakizun on batek entzulea harrapatzeko izan behar dituen elementu guztiak dituena. Amaitzeko, azpimarratu egin nahi dut akustikaren tratamendua; horregatik ahaztu ditut elkarrizketak artifizialak iruditu zaizkidan une apur horiek. Beraz, jarri kaskoak eta gozatu!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.