Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Euskaraz?

2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Zinemara joan nintzen aurreko astean. François Ozon zuzendari frantsesaren azken filma ikusi nuen. Aste tristea pasatzen ari nintzen, eta filmak sorrarazi zizkidan barreei esker, astea beste modu batera amaitu nuen. Zinematik ateratzerakoan 20.000 especies de abejas filmaren afixa ikusi nuen. Madrilgo zineman argi azaltzen zuen filma gazteleraz eta euskaraz zela. Ilusioa egin zidan euskara hitza Madrilen ikusteak, ez delako oso ohikoa izaten. Antzekoa gertatzen da euskararekin zinema aretoetan. Euskal karteldegia begiratzen badugu, Zinema Euskaraz ekimenari esker umeentzat bideratutako Alan giza antena filma aurkituko dugu asteon. Horrez gain, euskara eta gaztelera uztartzen dituzten filmak aurki ditzakegu; Las buenas compañías eta Gelditasuna ekaitzean, besteak beste. Film horiez aparte, beste filmetan ez dugu euskara aurkituko. Plataformetan euskaraz egindako filmak edo euskarara bikoiztu direnak ikusteko aukera pixkanaka handitu da, baina oraindik aukera gutxi dago. Etxeko telebista piztean ETB1 jartzen badugu, ez dugu zinemarik ikusiko. Fikzioa euskaraz ikusteko bideak euskal erakundeen bultzada beharko luke, baina telebista publikoak ez du lagundu nahi. Ikusle datuen aitzakia hartuta, zinema euskaraz telebista publikoan ikusteko aukerarik ez dugu.

Urtzi Urkizuk igandean idatzi zuen bezala, Primeran plataformaren zain jarraitzen dugu. Hartan euskal filmak ikusteko aukera izango dugula uste dugu, baina bikoizketekin zer gertatuko den ez dakigu oraindik. Zinema Euskaraz ekimenari esker bikoiztu diren filmak bertan ikusiko al ditugu? Bikoizketa berririk ez dela egingo dirudi, baina jada bikoiztuak dauden filmak plataforma publiko batean egotea zerbitzu beharrezko bat dela uste dut.

Asteburuan, (H)Itzartu EITB mugimenduak deituta, protesta egin zuten EITBren Bilboko egoitzaren aurrean. Filmak euskarazko bikoizketarekin ikusteko aukera izateko eskatzen zuten. Eskaera horren atzean euskararen erabilera normalizatzeko nahia dago. EITBk ezin badu egin, zer espero dezakegu kanpotik datozen plataformetatik?

Aurreko astean bezala, zinemara joango naiz aste honetan. Euskara entzuteko aukera emango didan film bat bilatuko dut Madrilen. ETB1en, aldiz, ezingo da euskaraz zinema ikusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.