EITB Mediako langile batzordeak salatu egin du haurrentzako euskarazko ETB3 telebista katea ixteko erabakia. Haren esanetan, neurri horrek zaildu egingo du euskarazko edukiak eskuratzeko aukera.Â
Erabakia justifikatzeko, ETBko zuzendaritzak argudiatu du ikus-entzunezko edukien kontsumoa ia erabat digitala dela, eta ETB3ko edukiak Makusi plataformara bideratu dituzte. Hala ere, langile batzordeak ohartarazi duenez, Eustatek 2025eko abenduan plazaratutako datuen arabera, EAEko etxeen ia %40k ez dute telebista Internet bidez ikusteko ohiturarik. Gainera, merkatuan dauden telebista adimendunen %20 ez dira bateragarriak Makusi plataformarekin.
Argi dago teknologia berriak luzarorako etorri direla, eta trantsizio digitalaren lekuko garela. Langile batzordearen hitzetan: «Zerbitzu publikoa eta euskara bultzatzea ardatz dituen komunikabide honetako langile gisa, begi onez ikusten dugu EITB etengabeko hobekuntzara eta kontsumo molde berrietara egokitzeko egiten ari den ahalegina. Behar-beharrezkoa da. Baina, era berean, kezka ere eragiten digute hartzen ari diren erabaki batzuek». Zerbitzu publiko batek ez lieke haurrei euskarazko telebista edukiak eskuratzeko aukera zaildu behar.
Betizu programarekin hazi eta hezi garen belaunaldikoek badakigu zein garrantzitsua den euskararen normalizaziorako ikus-entzunezko edukiak euskaraz, modu zuzenean, kontsumitzeko aukera izatea. Atzera begiratuta, ezinezkoa litzateke nire haurtzaroa eta gaztaroa horiek gabe irudikatzea; eta, gaur egun, edukiak plataforma batera bideratzeak eragotzi egiten du haurrek telebistan euskaraz ikusteko aukera izatea.
Are gehiago, telebista urte luzez euskararen transmisiorako tresna eraginkor eta unibertsala izan da, etxe guztietara iristen dena eta sarbide berdintasuna bermatzen duena. Plataformen bidezko kontsumoa gero eta zabalduago dagoen arren, oraindik ez da errealitate unibertsala, eta horrek arrisku bat sortzen du: haur guztiek baldintza beretan euskarazko edukiak eskuratzeko aukerarik ez izatea.
Horregatik, trantsizio digitala ezin da izan inor atzean uzten duen prozesua. Aitzitik, zerbitzu publiko batek euskarazko edukien presentzia eta irisgarritasuna bermatu behar ditu, bai plataforma berrietan, bai ohiko hedabideetan.