Sara Azurza
Ekografiak

Ez gara amodioz hilko

2026ko irailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da ohikoa zaintza eta gaixotasuna bezalako hitzak gaztetasunarekin lotzea, baina uste baino ohikoagoa da hirurak etxe berean aurkitzea. Yo no moriré de amor lanak, Marta Matuteren opera prima-k, ederki erakusten du zein zaila den gaztaro betean norberaren bizitza eraikitzetik beste norbait zaintzera igaro behar izatea. Filminen ikusgai dago, eta errealitatez betetako film ederra da.

Claudia (Julia Mascort) hemezortzi urte bete berri dituen nerabea da, eta bizitzan bere bidea aurkitu nahian dabil. Aita (Tomas del Estal), berriz, hitzak gordetzea nahiago duen militar ohia da. Ahizpak (Laura Weissmahr) beste hiri batean eraiki du jada bere bizitza, eta emantzipatutako ahizpa zaharren berezko ardura adeitsu baina apur bat paternalista horrekin jokatzen du. Amak (Sonia Almarcha, aitortza handiagoa merezi duen aktorea), berriz, beti du kritika mingain puntan. Eta guztiek osatzen dute benetako familia bat. Ez zinemako familia bat, baizik eta keinuak, ohiturak eta dinamikak partekatzen dituen familia guztiz sinesgarri bat.

Amari alzheimerra diagnostikatzen diotenetik, bere memoria pixkanaka itzaliz doa filmak erretratatzen dituen ia sei urteetan. Matuteren beraren istorioan oinarrituta, horixe dago filmaren erdigunean: nola aldatzen diren familia baten dinamikak, rolak eta norbanako bakoitzaren identitatea gaixotasuna etxean sartzen denean. Eta, are gehiago, hain goiz iristen denean. Jone, batzuetan filmean bezala, hemen ere gaztetasunak bat-batean egiten du topo helduen munduko ardurekin.

Memoria galtzen ari den pertsonaren familiarentzat, memoria bera bihurtzen da zamarik handiena. Baina Yo no moriré de amor ez da draman gotortzen. Etxe barruan zer gertatzen ari den kontatzen du, autokonplazentziarik gabe, gero eta sakonagoa den zauri baten bitartez.

Filmak hitzak gutxitu eta keinuen gainean jartzen du pisua, eta, egunerokotasun horretan, hain zuzen, ikus dezakegu geure burua islatuta. Familia etsai bihurtzen den nerabezaroko itomen horretan; lehen maitasun desengainuetan; ardurarik ez izateak ematen duen arintasun horretan.

Baina baita arintasun hori bat-batean desagertzen denean ere, ordura arte ezezaguna zen zaintzak egunerokoa betetzen duenean. Gaztetasuna, zauria eta dolua nahasten diren errealitate horri, hogei urte geroago, Matutek irudiak jarri dizkio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA