Severance azken urteotako telesailik berritzaile eta liluragarrienetakoa iruditzen zait; hiru urteko itxaronaldiaren ostean berriki bigarren denboraldia estreinatu da. Intrigazko premisaren eta exekuzio bikainaren bidez, lanarekin, oroimenarekin eta nortasunarekin dugun harremana ezbaian jartzen duen ekoizpen bat da: «Bizitzeko lan egin behar dugu ala lan egiteko bizi gara?».
Honakoa azaltzen du: Mark Scoutek lantalde bat zuzentzen du Lumon Industries deituriko enpresan. Bertako langileak prozedura kirurgiko baten eraginpean daude. Prozedura horrek langileen oroitzapen pertsonalak eta lanekoak bereizten ditu eta bi nortasun desberdin sortzen ditu: bulegoko bertsioa (Innie) eta pertsonala bertsioa (Outie).
Premisa erakargarriaz harago elementu guztiak ezin hobeto zainduak eta orekatuak daude: ekoizpen diseinua eta alderdi bisuala oro har txundigarriak dira. Estetika minimalista eta labirintikoa duten bulegoak aztoragarriak bezain liluragarriak dira eta pertsonaien isolamendua eta kontrola ezin hobeto islatzen dute.
Departamentu bakoitza ekosistema propio bat da, eta bertan barne-iraultzak, liskarrak eta ustekabeko adiskidetasunak gertatzen dira. Guztia oso aseptikoa da, txukuna, garbia, zuria, baina era berean jariatzen duen lurrina faltsukeriaz betea dago eta oso artifiziala da. Ikusle gisa oso deseroso sentiarazten duen zerbait transmititzen du, aztoragarria da.
Narratiboki ere paregabea da. Atal bakoitzak ikuslea hausnartzera gonbidatzen duten arrasto intrigagarriak uzten ditu. Gidoi biraketak, berriz, ez dira inoiz behartuta sentitzen, nahasgarria bezain liluragarria den buru-hausgarri batean ezin hobeto txertatutako pieza gisa funtzionatzen dute.
Lehen kapitulutik, telesailak harrapatu egingo zaitu, bere erritmoa oso ongi neurtua dagoelako; nahiko geldoa da eta tentsioa oso astiro pilatzen da, presio-eltze batean bezala, baina guztiak eztanda egingo du zeharo katigatzeraino. Gai eta istorio original honekin batera, lehen mailako aktore zerrenda ere topatuko duzue; lan aparta egiten dute guztiek.
Entretenitzeaz gain, galdera sakonak egiten ditu bizitza pertsonalaren eta profesionalaren arteko orekari buruz eta teknologiak gure bizitzan duen eraginari buruz.