Dokumental faltsuek bidea egin dute azkeneko urteetan, baina Peter Watkins zinemagileak (Norbinton, Erresuma Batua, 1935) formatu hori XX. mendean erabiltzeari ekin zionean ezohikoagoa zen. Xelebrekeriatzat joko zuten batek baino gehiagok. Fikzioa eta dokumental historikoa uztartu zituen hainbatetan, eta askotariko iritziak eta erreakzioak piztu. Haren azken obra, estreinatu duen azkena, anbiziotsu eta liluragarria izan zen: La Commune (Paris 1871). Badu 345 minutuko bertsio bat, baina Filmin plataforman zinemarako egokitu zen bertsio laburragoa ikus daiteke: hiru ordu eta erdikoa. Plataformak duela 25 urteko harribitxien bilduman sartu du. Zenbat pareta hausten ditu filmak?

Batetik, zer egiten du filmak? Telebistarik martxan ez zegoen garai batean, gertakariak filmatzen eta kontatzen jartzen ditu bi telebista: Versaillesko telebista nazionala —gobernu ofizialaren aldekoa— eta TV Comunal —sortu berria den Parisko Komunarena, iraultzaileena—. Hori 1871. urtean. Komunikabideen estrategiez eta manipulazioaz ere hausnartzen du zintak.
Hamahiru egunetan filmatu zuen Watkinsek obra, zuri-beltzean, profesionalak ez ziren aktoreekin. Parisen kanpoaldeko fabrika batean prestatu zituzten dekoratuak Komunaren historia kontatzeko. Badu antzerkitik. Badira plano sekuentzia luzeak. Zer ez ote duen.
1871ko martxoaren 18tik maiatzaren 28ra iraun zuen Parisko Komunak, historiako lehen gobernu iraultzaile eta sozialista erradikalak. Herriak hartu zuen boterea. Antolatu. Lege iraultzaileak aldarrikatu. Bitartean, Versaillesen Adolphe Thiers Frantziako gobernu nazionalaren presidentea tropak biltzen ari zen. Komunari aurre egiteko. Setioa abiatu zuen apirilaren 2an: hiria bonbardatu. Errepresioa iritsi zen Komuna antolatu zutenen aurka. Milaka herritarren aurka ere bai. Auzo guztiak garaitu zituzten. Komunari laguntzea krimen izendatu zuten, milaka lagun akusatu zituzten. Fusilatu, milaka herritar fusilatu zituzten. Beste asko erbestera bidali zituzten.
Orduko hartan gertatutakoak indar biziz iristen dira ikuslearen kontzientziara La Commune (Paris 1871) filmaren bitartez.

Badira bi eszena, bata bestearen segidan, interes handia dutenak genero ikuspegitik. Komunaren barne, emakume batzuk antolatzen ari dira, eta batzar bat osatzen. Batzarraren bilera egiteko, areto bat eskatzen dute udaletxean, eta luzamendutan aritzen zaizkie gizon iraultzaileak, azkenean areto ziztrin bat lortzen duten arte. Gero, han, kooperatibak sortzearen garrantziaz mintzo dira, enpresen jabe izateak dituen onurez. Zeren, zer izango zen Parisko Komuna emakume iraultzaile haien ekarpenik gabe? Bistan da, indarrean izan zen bi hilabeteetan onartu ziren lege haien atzean emakume begiak eta garuna behar zituzten derrigor. Guardia Nazionaleko kideen alargunentzako eta seme-alabentzako pentsioak sortzea, haurtzaindegien sorrera, estatuaren laikotasuna, elizek bizilagunen batzarrak hartzeko eta gizarte lanekin bat egiteko duten betebeharra, zorren interesen abolizioa. Begirada feminista dute horiek. Ala ez dira.
Ondotik heldu zen armada frantsesa, milaka haur eta emakume hiltzera. Ez zuten gupidarik. Ez zeukaten...
Itxaso Juradoren film laburra
Ez zeukaten bihotzik. Eta Itxaso Juradoren Ez daukate film laburreko ahots protagonistak minez eta ozen esaten duenez: «Marokoko poliziek... ez daukate». Docs Barcelona nazioarteko zinema jaialdian aurkeztu zuen Juradok euskarazko lan hori. Laburra bezain hunkigarria. Yus 29 urteko gazte immigranteak kontatzen du nola ibili zen kamioietan ezkutatuta bere herritik irten zenean. Haren euskarazko off-eko ahotsari kamioi azpien argazkiek eta errepideko irudiek laguntzen diote, proposamen zinematografiko iradokitzailea onduz. Filmin plataforman ikus daiteke lan hori ere.

Hiru ordu eta erdiz edo bost minutuz. Dokumentalgintzan esperimentatzeak ez du galarazten benetako istorio mamitsuak kontatzea. Eta, kasu askotan, ikus-entzulearengan eragin handiagoa izan dezake horrek elkarrizketa segida monotono batek baino.