Lide Hernando.
Ikus-entzunezkoak

Fantasia, kultura, umorea

2023ko abenduaren 14a
05:00
Entzun

Jakina da, euskal kulturzale eta eragileon artean behintzat, urtero egiten den Durangoko Azokak hedabide guztietako edukiak hankaz gora jartzen dituela —zentzu onean—. Nik ere, azokaren aitzakia hartuta, egunotan pantaila ezberdinetatik ikusitakoak analizatuko ditut gaurkoan.

Urtetik urtera, ugaritu egin dira azokaren bueltan sortzen diren ikus-entzunezko edukiak. ETB1en arratsaldero-arratsaldero ikusleak entretenitu eta informatzeaz arduratzen den Biba Zuek! saioak azokako atal bereziak ondu ditu, Landakoko gunearen kanpoan jarritako karpa batetik. Bertatik, Maddalen Arzallusen eta Xabier Sukiaren dinamismoa lagun, urteko kultur uztaren berri izan dute ikusleek pasa berri den astean. Euskarazko eta gaztelaniazko albistegiek ere eman dituzte azokaren inguruko daturik objektiboenak; zenbat jende joan den aurten, non izan diren ilararik luzeenak, zeintzuek jo duten Ahotsenean.

Mihiluze saioa ere ez da atzean gelditu. Abenduaren 7an, osteguna, saio berezi bat eskaini zuten ibilbide berri honetan izan dituzten lehiakide arrakastatsuenak bilduta, baita gonbidatu berezi batzuekin ere —diskrezioa baliatuz, ez ditut gonbidatu horiek izendatuko; badakienak badaki!—. Saioan 2.000 euroko zaku bat banatu zuten, gainera. Eta ikus-entzunezko edukiez ari garela, asko dira Ahotsenearen Youtubeko kanala bisitatu dutenak ere; ni neu barne, izan ere, ez nuen nire postutik ateratzeko ia denborarik izan bertan egon nintzen hiru egunetan! Egia da kontzertu horietako bideoetan soinua kaxkarra dela; baina oso kanal egokia da urteko uzta musikalaren berri izateko, eta datozen hilabeteetan zure gogokoenak izango diren euskal proposamen berriak zuzenean ezagutzeko.

Badira —eta eskerrak!— seriotasunetik apur bat ateratzen diren ikus-entzuneko edukiak ere. Postuetatik bueltaka ikusi nuen, bigarren urtez jarraian, Izaskun izenez aurkezten zen señoraz jantzitako kazetaria. Potx eta Lotx pailazoekin ibili ohi den pertsonaia horrek, mikrofonoa eskuan, eta txandal distiratsua soinean, galdera konprometituak egin zizkien postuetan zeuden artista askori, ostean euren Instagrameko kontura igotzeko. Azoka kultura delako, noski, baina kulturak ez duelako soilik gauza serioa izan behar; umorea ere fantasiaren baitan sartzen da!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.