Batzuetan, bizitzako gauzarik arruntenek sortzen dute barrerik sakonena. Horretan datza Poquita fe telesailaren xarma: gogoeta eta umorea nahasten ditu, gertutik ukitzeko moduko egunerokotasun baten barruan. Raul Cimasek eta Esperanza Pedreñok antzeztutako Jose Ramon eta Berta gizartearen ispilu dira: lanarekin nekatuta, bikote-harreman zalantzati batean, etxebizitza bilatzen, gaur egungo errealitatean murgilduta ageri dira, nekatuta.
Pepon Monterok eta Juan Maidaganek sortutako telesailak mockumentary formatuan aurkezten ditu eszena txikiak, elkarrizketa errealak diruditen testigantzen bidez. Batzuetan The Office gogorarazten du, baina Poquita fe-k ez du ez bulegorik ez korporatibismo satirikorik: sukaldeak, igogailuak eta familia afariak ditu agertoki. Eta horien artean, barreak. Ez txiste arinak, baizik eta ezinegonetik sortutako barreak —bizitzaren momentu absurdoetan sortzen diren horietakoak—.
Bigarren denboraldian, bikoteak etxea galtzen du eta Bertaren gurasoen etxera joaten dira bizitzera. Hori da krisiaren abiapuntua, eta ez soilik ekonomikoa: belaunaldien arteko distantzia, harremanen egonkortasuna eta bizitza partekatuaren mugak agerian uzten dira. Telesailak, bikotearen harremanaz gain, ingurukoen dinamika sozial, familiar eta adiskidetsuak ere erakusten ditu. Ez dago Bertaren gurasoen etxean gertatzen den eszenarik familiaren mekanismoak, rolen banaketa edo ohiko tirabirak zehaztasunez erakusten ez dituenik. Lagunen arteko elkarrizketetan ere islatu egiten dira inguruko harremanak: kasu horretan, harreman aspergarrietan jartzen du fokua, bakoitzaren nartzisismoa erakutsita.
Baina Monterok eta Maidaganek ez dute pertsonaiarik epaitzen; maitasunez begiratzen diete, haien akatsak umore bihurtuz. Poquita fe-ren sekretua ez da barrea bakarrik, baizik eta egunerokotasunaren errealismo gordina: komuneko zaratak, auzoko isiltasun faltsuak eta amaren dei deserosoak. Gure bizitzako pasarte txiki horiek telebistako fikzio bihurtzen dira, eta, bat-batean, barre algaraz ikusten dugu geure burua pantaila aurrean.
Aitortu behar dut ez didala edozerk barre eginarazten. Askotan pentsatu izan dut The Office ikusi ondoren zaila izango zela neure burua telebista aurrean barrez lehertzen ikustea. Baina Poquita fe-k aste bakarrean lortu du. Sorpresa handia izan da: fede handirik gabe hasi nintzen, eta irribarre handi batekin amaitu dut. Movistar Plusen duzu ikusgai.