Lide Hernando.
EKOGRAFIAK

'Femme fatale'-tik at

2023ko azaroaren 8a
00:00
Entzun

True crime-a bogan dagoela ezin ukatuzko fenomenoa da. Kritikari askoren generorik gogokoena bilakatu da tartean nire atalkide Gaizka Izagirrerena, oker ez banago, ikus-entzuleenarekin batera; eta nik, batzuetan duda egiten dudan arren, aitortu behar dut oso gustura ikusten ditudala tankera horretako edukiak. Espainiako Estatuan aurten kaleratu duten telesailik ezagunenetariko bat true crime generokoa dela ikusita, beraz, gaurkoan Netflixeko El Cuerpo en Llamas lanari bere tartea eskaini nahi diot.

Hasteko, esan behar dut true crime generoko edukiek, azken batean, abantaila bat dutela; istorioa bera jada asmatuta dagoela. Errealitateak fikzioa gainditzen duela diogunean, benetan ari gara; soilik azken mendea hartuta, ileak lazten dizkiguten hamaika gertakari izan ditugu. Normala, beraz, gerora ikus-entzunekoen industria boteretsuak horien berri eman nahi izatea, istorio sinesgaitz eta konplexu horiek pantailara eramateko. Baina, batez ere, horrelako krimenak egin dituzten pertsona horien buruetan sartzeko lana hartzeko, jendearen jakin-mina asetuko dutelakoan. Zer gertatu zitzaien haurtzaroan horrelakoak bihurtzeko. Zerk bultzatu zituen hori egitera. Nola erreakzionatu zuten egindakoaren kontzientzia hartu zutenean. Nola saiatu ziren gertatutakoa ezkutatzen, harrapatuak izan arte.

El Cuerpo en Llamas telesailean ere txukun lantzen dute Rosa Peral eta Albert Lopezen ibilbidea. Esan beharra dut, gainera, nire ustez, Ursula Corberok egin duen lanik onenaren aurrean gaudela. Orain arte femme fatale-aren profileko pertsonaiak egiteko soilik balio zuela uste nuen eta, hein batean, iruditzen zait horrexegatik ere hartu zutela bera rol horretarako, baina lan horretan frogatu du hainbat geruzatako pertsonaiak interpretatzen ere badakiela. Polita izan da Quim Gutierrez komikotik aldentzen den rol batean ikustea ere, grazia egitearen apeta hori kentzea batzuetan zaila egiten zaion arren.

Ekoizpena landua da, eta trama kontatzeko erak, gertakariak ondo ulertzeko tartea emateaz gain, jakin-mina mantentzea lortzen du. Hasieratik Rosa Peralen erruduntasuna argiegi utzi nahi du, ordea, telesailak; frogak horren pobreak izan ziren epaiketa batean, apur bat arriskutsua deritzot horri, baina tira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.