Sara Azurza
'Ekografiak'

Festaren ondoren

2025eko abenduaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Familia normatibo bat inoiz argitu ez den gertaera baten ondorioz apurtzen denean, zer sinesten dugu? Zein da egia, eta nork erabakitzen du hori? Gogoeta horiek guztiak ditu abiapuntu After The Party telesailak, Filminen ikusgai dagoen drama psikologiko indartsuak. Gaizka Izagirrek Gaztezulo-n eginiko gomendioak berritu dit memoria, eta ez nuke hobeto deskribatzerik izango: telesail paregabea da.

Peter Salmonek zuzendutako fikzio horrek, Robyn Malcolm eta Peter Mullan aktore bikainen lanaz sostengatua, sei ataletan heltzen dio adingabeen kontrako sexu abusuen gaiari, baina kontatu nahi duena ez da hori bakarrik. Telesailak azterketa sakona egiten du irudiaren esanahiaz —ikusten duguna eta ikusi nahi duguna— eta norbanakoak errealitatearekin duen harreman korapilatsuaz. Guztiaren erdian, galdera deseroso bat: nola eraikitzen da egia komunitate baten barruan?

Istorioa bost urte lehenago gertatutako gertaera ilun batetik abiatzen da. MacKenzie familiaren etxean ospatutako festa batean, Pennyk (Malcolm) logelan harrapatzen du Phil (Mullan), bere senarra, alabaren adiskide bat laztantzen, gaztea mozkorturik dagoela. Philen esanetan, gaztea lasaitzen ari zen. Baina Pennyren barruan bestelako zerbait pizten da une hartan bertan, eta abusutzat jotzen du. 

Telesaila bost urte geroago kokatzen da, egoera baretu ondoren Phil Zeelanda Berrira itzultzen denean. Pennyk, ordea, berean dirau: zerbait iluna gertatu zela uste du, baina gutxik ematen diote sinesgarritasuna. Haien alabak, Gracek, ez du ontzat jotzen amaren kontakizuna, eta horrek gogora ekartzen dizkigu gizarteak sarritan emakumeak zoro edo neurrigabe gisa baztertzen dituen egoerak. Ezaguna egiten zaizu? Zenbatez errazagoa den, gatazkak saihestu eta egitura sozialak kolokan ez jartzeko, indartsuena babestea.

Adingabe baten sexu abusuen salaketen inguruan, komunitate bateko gehienek zergatik isilarazten dute sinbolikoki salatzailea, eta pixkanaka baztertzen, eta zergatik babesten dute salatua? Arazoak, ordea, sakonago jotzen du: neurri batean, guk ere, ikusleok, antzera joka genezake, bereziki telesailaren une erabakigarrietan. Hor agertzen da lanaren benetako muina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.