Bitxia eta, era berean, dibertigarria da ikustea nola aldatzen den fikzioa grabatzeko eta kontatzeko era denborarekin. Ez naiz ari film klasiko bat eta gaur egungo beste bat alderatzeaz; normala da, egungo prismatik begiratuta, Psycho ikusi eta beldurrik ez sentitzea, edo The Godfather motelegia suertatzea, edo Citizen Kane-n erabilitako muntaiarako baliabideak zaharkituak eta artifizialak iruditzea. Baina XXI. mendearen hasieran estreinatutako lanen bat ikusteko ariketa egingo bagenu, harrituko gintuzke horien eta egun egiten direnen artean dagoen aldea zenbaterainokoa den ikusteak.
Etxean Mad Men ikusten hasi garenean izan dut sentsazio hori. Hemen esango dudanak ez du kentzen telesaila oso ondo dagoela iruditzen zaidala, eta badakidala telebistaren urrezko aroaren erantzule garrantzitsuenetarikoa den lanaz hizketan ari naizela. Hori guztia esanda ere, bitxia egin zait sentitzea batzuetan eszenen muntaia dorpea egin zaidala, foley-aren soinua arraroa, edota elkarrizketa batzuei informazioa falta zaiela. Hau, noski, ez da egia objektibo bat: izan ere, fikzioaren mekanismoak ulertzen ikasi egiten da. Giro txarra transmititzen duen soinu banda bat bat-batean isilik gelditzeak ez du berez beldurra ematen; guk geuk sentitzen dugu beldurra, badakigulako halako kasuetan, normalean, isiltasunaren ostean susto galanta datorrela.
Eta gauza bera gertatzen da pantailan ikusten duguna sinesgarri egiten duten mekanismo guztiekin ere: egun ohituta gauzkan erritmoak ez duela zerikusirik duela urte eskas erabiltzen zen horrekin. Egun Succcession telesailaren gisako elkarrizketak iruditzen zaizkigu fikzioan sinesgarrienak; batak besteari moztu eta oztopatuz hitz egiten duten pertsonaien elkarrizketak, egungo gizakiarentzako errealenak direnak. 2007. urtean, atzo kasik, estreinatutako Mad Men batek, aldiz, beste erritmo bat du: antzerkitik gertuago dagoena, artifiziosoagoa, maximak dituzten esaldi arranditsuz betetakoa. Horregatik egiten zaigu faltsuagoa.
Gogoeta hau partekatu nahi nuen ikusten hasi eta gutxira; ongi baitakit telesaila egundokoa irudituko zaidala, puntualizazio hau eginda ere. 1960ko hamarkadako AEBetako publizitatearen munduan murgiltzen den lan handi honen inguruko inpresio orokorrak aurrerago botako ditut.