Hiru urte igaro dira Jury Duty telesail bikaina gure pantailetara iritsi zenetik. Bertan, dokumental formatua baliatuta, errealitatea eta fikzioa uztartu zituzten AEBetako epaiketa bateko epaimahaikideen egunerokoa erakusteko. Ñabardurarik handiena aipatzea falta zait, ordea: ikusten genuen guztia faltsua zen. Epailea, epaiketa, lekukoak, abokatuak eta epaimahaikideak, guztiak ziren aktoreak. Tira, guztiak ez. Hamabi epaimahaikide horietako batek, Ronald Gladdenek, ez baitzekien bizitzen ari zen guztia gezurrezkoa zela, ezta zehatz-mehatz planifikatutako istorio baten barruan murgilduta zegoela ere. Ez da reality show bat, ezta dokumental bat ere: telesail horretan, pertsonaietako batek ez baitaki fikziozko narrazio baten barruan dagoela.
Orain, hiru urte geroago, esperimentu hura berriro piztu da Jury Duty Presents: Company Retreat izeneko bigarren denboraldiarekin. Premisak bere horretan dirau, baina eszenatokia aldatu da: epaitegiko horma itxietatik enpresa-erretiro baten espazio irekietara egiten dugu jauzi. Aktorea ez den pertsona bat —Anthony Norman— fikziozko mundu batean sartzen dute, inguruko guztiak aktoreak direla jakin gabe. Rockin' Grandma's Hot Sauce izeneko enpresa bitxi batean kontratatu dute, eta, lankideekin batera, bakarleku batera doa egun batzuk igarotzera. Han, antzezpenak eta eguneroko bizimoduak nahasten dira berriro, egia eta gezurra bereizezin bihurtzeraino.
Telesailak eskala handiago baterantz zabaltzen du dispositibo narratiboa. Enpresa mundu garaikidearen karikatura bihurtzen da agertokia: lidergo eta motibazio hutsalak, eta egoera absurdoak bata bestearen atzetik pilatzen dira. Gidoiak erritmoa bizkortu du, eta egun bakoitza aurrekoa baino bitxiagoa bihurtzen da, errealitatearen mugetan etengabe talka eginez. Barreak errazago pizten dira; badu The Office-en oihartzuna, baina badu, batez ere, berezko arnasa.
Baina zarata horretan, berriro ere, isiltasun txiki batek eusten dio guztiari: protagonistak. Anthony Normanek, aurreko denboraldian Gladdenek bezala, egia ematen dio gezurrari. Haren enpatiak, haren xalotasunak, haren begirada garbiak egiten dute esperimentua sinesgarri. Fikzioak eraikitako mundu batean, benetako gizatasuna da, paradoxikoki, elementurik sendoena.