Zenbat aldiz esan digute: «Ei, zure irudimenean bizi zara» edo «pelikulera», «teatrera» zarela? Niri askotan; baina ez zait axola. Nire irudimenean eta nire mundu imajinarioan bizitzeak askatasuna ematen dit. Eta horixe bera gertatzen zaio gaur gomendatu nahi dizudan, Movistar Plusen ikusgai dagoen, telesaileko protagonistari.
Aimee Lou Wood aktorea nazioartean ezagun egin zen Sex Education telesailari esker; ondoren, The White Lotus-en hirugarren denboraldian ere pertsonaietako bat gorpuztu zuen. Bi lanetan neska alaia, sentiberatasunez eta irudimenez betea antzezten duela esango nuke, nahiz eta istorioak oso desberdinak izan.
Film Club (2025) Aimee Lou Woodek Ralph Davisekin batera sortu eta zuzendu duen sei ataleko telesaila da. Izenburuak berak dioen bezala, film-klub baten inguruan kokatzen da.
Eviek 28 urte ditu. Krisi baten ondoren, Manchesterreko amaren etxetik kanpora ateratzeko beldur den emakumea antzezten du. Bere ihesbide bakarra unibertsitateko lagunekin garajean egiten duen asteko film-gaua da. Astero, langabezian eta agorafobiarekin bizi den Eviek bere garajea film-plato ikusgarri bihurtzen du.
Baina film-gau horien atzean zerbait gehiago dago. Telesailean zehar, Evieren eta bere lagun min Noaren arteko harremana bihurtzen da ardatz. Noa da saioetara huts egiten ez duen bakarra; baina lan-arrazoiengatik alde egitea erabakitzen duenean, Eviek denbora mugatua izango du bere sentimenduak aitortzeko.
Azkar ikusten den telesaila da, arina, baina aldi berean gai sakon bati heltzen diona. Une batzuetan, 28 urteko Evierekin identifikatuta senti zaitezke; azken finean, ez gara hain desberdinak. Osasun mentalaz ari da, ia 30 urterekin dena apurtuta sentitzen den belaunaldi horretaz, bizitzari berriro zentzua ematen saiatzen denaz. Evie ezin da kalera atera, ez da seguru sentitzen, eta hala ere, bere barruko mundua handia eta koloretsua da.
Agian, aldatuko nukeen gauza bakarra ukitu erromantikoaren pisua litzateke. Ondo dago ikuslea harrapatzeko, baina interesgarriagoa irudituko litzaidake protagonistaren osasun mentalean sakonago murgiltzea. Hala ere, telesailak badu zerbait gertukoa, zintzoa. Eta, esan bezala, ez gara hain desberdinak.