Lide Hernando.

Filtrorik gabeko argazkiak

2025eko ekainaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Jarraitzen ditudan ikus-entzunezko kritikari dezentek goraipatutako telesaila zela jakinda, The Pitt ikustera animatu naiz azkenean. Aitortu behar dut: ez naiz medikuntza ardatz duten lanen zalea. Inoiz ikusi dut Grey’s Anatomy edota House-ren atal solteren bat, baina denek dute erakartzen ez nauen zera bat; ez dakit ospitaleetako argi zuria den, edota atal bakoitzean errepikatzen den eskema monotonoa, zeinetan, egoerak larria dirudien arren, mediku heroiak azkenean formularen bat topatzen duen hilzorian dagoen eria salbatzeko. Baina Gaizka Izagirreren BERRIAko artikulua irakurri, eta Sensacine zinema-kritika plataforma erreferentean Alejandro G. Calvorengandik urteko telesailik onenetarikoa zela entzun ostean, aukera bat eman diot.

Eta, hara, Breaking Bad-ekin gertatutakoaren antzekoa gertatu zait: genero batekiko zaletasuna pizterainoko zirrara sortu didala. Tira, ez da hainbesterainokoa izan, baina Vince Gilliganen telesailak mafiarekiko nuen mesfidantza ezabatu zidan bezala, The Pitt-ek lortu du niregan medikuntza ardatz duten telesailak zerbait entretenigarria direlako ideia txertatzea.

Pittsburgeko larrialdietako ospitaleak ematen dio The Pitt lanari izenburua. Bertan, genero horrek irudikatu ohi dituen egoera tipikoak topatuko ditugu: heriotzaren eta biziaren arteko kinka, mediku eta erizainen lanordu infinituak, eta odol eta organo asko begi-bistan. Baina, paradoxikoki, telesaila generoaren gailurrera daramana bere pretentsio falta da: Izagirrek esan moduan, ez du generoa berrasmatzen, ezta nahi ere; eta, hain zuzen, nahigabetasun horrek ematen dio bikaintasuna. The Pitt-en ez dago mediku heroirik, ezta deus ex machina tankerako salbazio sinesgaitzik ere. Gordina da bere zentzu guztietan: bai ikusmen aldetik, baita gidoi aldetik ere. Bere hamabost ataletako bakoitzean, larrialdietako ospitale horretako lanordu bakar bat ikus dezakegu, bertatik ikusleak egoeraren orokortasuna atera dezakeelarik; Carverrek bere ipuinetan egin moduan, edota, denboran gehiago gerturatuz, Adolescence bikainak nerabe batek burututako hilketaren ondorio latzak soilik ertz batzuk erakutsiz kontatu moduan.

Aurrekoen eran, The Pitt-eko atalak filtrorik gabeko argazkiak dira; eta horrek kontakizuna gehiago distirarazten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.