gaizka izagirre
Ekografiak

Flamenkoaren begirada

2026ko maiatzaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frankizia handien eta formula errepikatuen zarataren erdian, La misteriosa mirada del flamenco bezalako film batekin topo egitea benetako oparia da. Zinema aretoetatik igaro ostean Filminera iritsi berri da.

Diego Cespedes zinemagile txiletarraren opera prima da eta Irusoin euskal ekoiztetxearen koprodukzioa du. Mundu mailako estreinaldia Canneseko Nazioarteko Zinema Jaialdian izan zuen, Un Certain Regard sail entzutetsuaren barruan. Han, filmak lehiaketa horretako sari nagusia irabazi zuen. 2025eko Donostiako Zinemaldian, gainera, Sebastiane Latino Saria ere jaso zuen, LGBTI+ komunitatearen balioak eta aldarrikapenak ondoen irudikatzen dituen film latinoamerikarra saritzen duena.

Western moderno baten itxura duen film berezi hori Txileko iparraldean girotuta dago, 1980ko hamarkadaren hasieran, ezjakintasunak eta paranoiak markatutako testuinguru batean. Lidiak 11 urte ditu, eta meatze-herri zakar eta hautseztatu baten ertzean bizi da, bazterketara kondenatutako familia queer batekin. Herrian zabaltzen ari den gaixotasun misteriotsu baten errua haiei egozten diete: homosexualitatea begiradaren bidez transmititzen omen da.

Filmak komunitate queer marjinalizatu baten eguneroko bizitza du ardatz, samurtasunez, umorez eta gizatasunez erretratatua. Pertsonaiak biktima pasibo gisa irudikatu beharrean, subjektu konplexu gisa aurkezten ditu: lotura afektiboak sortzeko, zaintza-espazioak eraikitzeko eta kanpoko indarkeriaren aurrean erresistentzia moduak garatzeko gai diren pertsonak.

Ikuspegi formaletik, filmak bere diskurtsoa sendotzen du erabaki estetiko oso zehatzen bidez. Nabarmena da 4:3 formatuaren erabilera. Formatu horrek, girotze historikoarekin bat eginez iraganera eramateaz gain, ikuseremua mugatzen du, gorputz disidenteen gainean dagoen gizarte-zapalkuntza azpimarratuz. Irudiaren testura pikortsua eta argi naturalaren erabilera ausartak materialtasun ia ukigarria ematen diote filmari, errealismo gordinaren eta lirismoaren arteko oreka bilatuz.

La misteriosa mirada del flamenco lan ausarta da: politikoa, eta ohiz kanpoko sentiberatasun poetiko batek zeharkatua. Beldurrari, bazterketari eta desirari begirada intimo eta alegoriko batetik heltzeko gai den filma da, eta bere ahots propioa duen zinemagile baten agerpena berresten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA