Sara Azurza
'Ekografiak'

'Fleabag'

2025eko urriaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizitzak okerrera jotzen duela sentitzen duzunean, dena amaitutzat emanda dagoenean, gora egitea besterik ez da geratzen. Fleabag telesaila barkamenik eskatu gabe aurrera egiten duen emakume baten bizitzaren isla da, autokritika eta umore beltzaren bidez kontatua.

Fleabag antzezlan gisa jaio zen; izan ere, telesaila Phoebe Waller-Bridgek berak idatzitako izen bereko bakarrizketa baten moldaketa da. Bakarrizketa hori 2013an aurkeztu zuen Eskozian, Edinburgoko Fringe jaialdian, eta lehen saria eskuratu. Handik, telesail bihurtu zen, eta gaur egun Amazon Prime plataforman ikus daiteke.

Oro har, Londresko gizartearekin eta bere buruarekin haserre dagoen emakume baten istorioa da. Ez du lortu sendotzea ez ekonomikoki ezta emozionalki ere. Bikotekide ugari izan ditu, harreman sexualen bidez bere askatasuna eta identitatea berresten saiatzen da, baina, azkenean, hutsune emozional handi batekin topo egiten du. Bi zutabe garrantzitsu falta zaizkio Fleabag-i: ama eta bere lagunik onena, Boo. Biak galdu ditu, eta galeraren eta erruaren inguruan eraikitzen da kontakizuna.

Fleabag-en familia, kanpotik perfektua dirudien arren, hipokrisiaz eta ezintasun emozionalaz beterikoa da. Aita (Bill Paterson) alargundu egin da, eta alabaren amabitxi manipulatzailea —Olivia Colman bikainak antzeztua— bere bizitzan sartzen da, harremanak are gehiago korapilatuz. Telesailaren berezitasun nagusietako bat zera da, antzerkiko jatorria ez duela ezkutatzen: Fleabag-ek ikusleari zuzenean hitz egiten dio, kamerari begiratuz, konplizitatez. Une deseroso eta barregarriak tartekatzen dira, eta ikusleak gertutik bizitzen ditu.

Bigarren denboraldian, Andrew Scottek antzezten duen apaiz sexi-aren agerpenak beste maila batera eramaten du telesaila. Harreman debekatu baten bidez, maitasunaren eta fede espiritualaren arteko muga lausoak aztertzen dira. Fleabag ez da soilik emakume baten krisi existentzialari buruzko telesaila; belaunaldi baten ispilu bilakatzen da, eta gai da umorearen bidez minaz hitz egiteko. Barre eginarazten dizu, baina baita isiltzen ere. Aitortu behar dizut, irakurle, bi egunetan ikusi dudala. Izugarri gomendatzen dizut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.