gaizka izagirre
'Ekografiak'

Fokua Palestinan

2026ko otsailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sarri aipatzen dut zutabe honetan Filmin, eta asteburuan ikusi dudan dokumental baten harira —gero sakonduko dut horretan—, bertan topatu daitekeen Con el foco en Palestina (Palestinan fokua jarrita) bilduma azpimarratu nahiko nuke lehenik.

Bilduma horrek 30 izenburu baino gehiago biltzen ditu; Palestinako genozidioa hainbat ikuspegitatik jorratzen duten lanak dira: testigantza pertsonaletatik hasi eta erresistentzia politikoraino. Besteak beste, The Teacher, No Other Land eta Bye Bye Tiberias daude ikusgai. Ezinbestekoak guztiak. Portzierto, martxoaren 13an bertan gehituko dute The Voice of Hind Rajab film palestinar txalotua ere.

Bilduma horretara Put Your Soul on Your Hand and Walk lanari esker iritsi naiz.

Sepideh Farsi zuzendari irandarraren eta Fatima Hassouna fotokazetari gazatarraren arteko bideo-deietatik abiatzen da dokumentala; 2025eko Canneseko Zinemaldiko ACID sailean estreinatu zuten. Sail horretan hautatua izan zela iragarri eta biharamunean, Hassouna Israelgo aire-eraso batean hil zuten, familiako hainbat kiderekin batera. Put Your Soul on Your Hand and Walk urteko dokumental hunkigarrietako bat da.

Fatima Hassouna fotokazetari palestinarrak Israelgo inbasio militarpean Gazan bizi izan duen egunerokoa argazkien bidez dokumentatu du. Gainera, bere sakelako telefonoaren bidez, egunero komunikatzen da Farsirekin; eta Farsik, urrutitik, irudi horiek jasotzen eta antolatzen ditu, mundura zabaltzeko. 2024ko apirilaren 24tik aurrera, urtebetez, bi emakumeek konplizitate berezi bat eraikitzen dute. Konplizitate hori ez da soilik bien artekoa: ikuslea ere elkarrizketa horren parte bihurtzen da, pantailaren bestaldean lekuko isil baina inplikatu gisa.

Ez da aparatu tekniko handiko dokumentala. Ikusten ditugun irudi gehienak sakelakoarekin grabatuak dira; planoak askotan okerrak edo ezegonkorrak dira eta soinua zakarra. Baina hain zuzen ere horretan datza bere indarra: hurbiltasun emozionalean eta egia gordinean. Irudi kaskar horiek ez dute estetika zaindurik, baina badute premia, badute bizitza eta badute mezua.

Filmak ez du erantzunik eskaintzen, baina arrasto emozional iraunkorra uzten du. Put Your Soul on Your Hand and Walk ez da soilik film bat; arima esku ahurrean hartuta egindako ibilaldi bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA