Sara Azurza

Frankenstein

2025eko abenduaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Honako hau izaki ezagun baten istorioa da, Victor Frankenstein medikuak sortutakoarena. Guillermo del Tororen azken filmak, Netflixen ikusgai dagoenak, gizaki itxurako munstro ospetsua berriz ekarri du zinemara. Veneziako Zinema Jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztu zen, eta Donostiako Zinemaldian ere sorpresa gisa proiektatu zen.

Mary Shelleyren jatorrizko eleberria, 1818koa, ez da zientziari eta munstroei buruzko kontakizun gotiko bat bakarrik. Sorkuntzaren eta erantzukizunaren inguruko tratatu existentziala da, aurrerapen zientifikoaren eta moralaren arteko tentsio sakona azaleratzen duena. Zer gertatzen da gizakiak jainkoaren papera hartu eta inertziari bizia eman nahi dionean? Horregatik, Frankenstein etengabe berrinterpretatu dute historian zehar, baina beti mantendu du bere funtsa: sortzailearen zorigaitza eta sortutako izaki baztertuaren etsipena.

Del Tororen filmak bi ordu eta erdiko bidaia bat proposatzen du, eta Artikoan kokatutako prologo batean hasten da. Oscar Isaacek —Victor Frankensteinen rolean— agerian uzten ditu anbizioak irensten duen medikuaren kontraesanak. Batzuetan antzezpenak tonu gehiegizkoak hartzen baditu ere, ondo eusten dio kontrolaren eta ahultasunaren arteko gatazkari. Izakiak, berriz, bere kontzientzia garatzeko prozesua egiten du bigarren atalean: hizkuntza, mina, beldurra, laguntasuna eta bestelako emozioak pausoz pauso eraikiz. Munstroa ez da hemen izu-estereotipo bat, baizik eta pertsonaia konplexu bat. Jacob Elordiren interpretazioak ñabardura emozional ugari dakartza, bere indar fisikoa bigarren mailan utzita. Mia Gothek antzezten duen pertsonaiaren hitzetan, izaki hau gizakiaren kutsaduratik kanpo bizi da: purua da.

Bisualki, Del Tororen lana hipnotikoa da, nahiz eta nire ustez zenbait unetan gehiegizkoa bihurtzen den, bereziki Victorren figuraren dramatizazioan. Hala ere, faltan sumatzen da izakiaren barne-bilakaera sakonago jorratzeko aukera. Intimitatera hurbilduko luketen une sotilagoak, efektu berezirik gabe, istorioaren benetako oinarrira iritsiko lirateke. Jacob Elordiren begiradetatik galdera sakonagoetara gerturatzea faltan bota dut. Noraino irits daitezke gizakion nahia eta anbizioa?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.