Izarretako Gerra saga abiatu zenetik, Star Wars unibertsoan hamabi film eta 28 telesail (animaziozkoak zein bestelakoak) ekoitzi dira, eta izenburu berriak iragarri dituzte datozen urteotarako; The Mandalorian & Grogu filma, esaterako.
Frankizia horren oso zaleak ez garenontzat —oso gustura ikusi ditudan arren—, uste dut ulergarria dela laser ezpaten eta izaki xelebreen ozeano amaigabe horretan murgiltzeak sorrarazten duen nagikeria itzela dela. Ez ditut lan horiek guztiak ikusi, inondik inora ere, baina ikusi ditudanen artean bada azkenaldian onerako harritu nauen bat: Andor telesaila.
Frankiziako gainerako produktuetatik apur bat aldentzen den izenburua da; ez dago Jedi zaldunik, ez eta laser ezpatekin egindako duelurik ere. Horren ordez, espioitza, errepresio eta erresistentzia istorio bat kontatzen du telesailak, sistema zapaltzaile batean harrapatutako pertsona arruntetan ardaztuta. Sagako elementu tradizionaletatik urruntzen da, eta erregimen zapaltzaile baten aurka borrokatzearen konplexutasun moralak islatzen ditu.
Rogue One Star Wars filmaren gertaerak baino bost urte lehenago girotua egonik, Cassian Andor (Diego Luna) espioiari jarraitzen dio istorioak, Aliantza Errebeldea sortu zen urteetan. Andorren eraldaketa erakusten du: iraultzaile bihurtzen den lapurra, eta, azkenik, Inperio Galaktikoaren aurkako matxinadarekin bat egiten duena. Lunak, protagonistaren rola jokatuz, antzezpen lan bikaina egin du.
Bigarren denboraldian, Star Wars-en mitologia aberasteaz gain, hausnarketa sakona egiten da matxinadaren eta askatasunaren aldeko borrokaren giza kostuei buruz. Akzioa, drama eta gatazka garaietako moraltasunaren azterketa zintzoa uztartzen ditu.
Oso telesail heldua da, gatazka nagusiari aurre egiteko ez baitu erabiltzen sagaren beste atal batzuetan nagusi den prisma erromantiko edo abenturazalea. Esan daiteke Star Wars saga, oro har, akzioz betetako western galaktikoa dela, ukitu erlijiosoak eta samuraien filmen oihartzunak dituena. Andor-ek osagai horiek guztiak bildu eta gidoi sakonago eta intelektualago bat erantsi dio.
Bi denboraldiak ezinbestekoak dira istorioaren egoera ekonomiko, sozial eta politikoa testuinguruan jartzeko, eta gainerako filmei bide ematen dien barne historia azaleratzeko.