EKOGRAFIAK

Futbolaz harago

Gaizka Izagirre
2023ko urriaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bend It Like Beckham filma estreinatu zuten 2002an. Komedia erromantiko horretan, Londresko aldirietan bizi den neska baten istorioa azaltzen da. Gurasoak Indiatik etorritako etorkinak dira. Gurasoen nahia alaba unibertsitatera joatea eta abokatu bilakatzea da. Baina neskak futbola gogoko du, eta bere ametsa David Beckham bezalako jokalaria izatea da. Futbolariak urte horietan izan zuen eraginaren beste lagin txiki bat izan zen film hura. Orain egun gutxi Beckham telesail-dokumentala estreinatu du Netflixek, eta, osorik ikusi ostean, hobeto ulertzen dut jokalari horren inguruan sortu den guztia.

Aitortuko dizuet zerbait arina, ikusterraza eta zozoa ikusteko gogoz sakatu niola play urrutikoaren botoiari. Auzo lotsa pasatzeko prest ikusten nuen neure burua, baina, zoritxarrez, ez da horrela izan. Ez ikaratu, kasu honetan, zoritxarrez hitza argumentu positibo gisa baliatuko dut, David Beckham futbolari ezagunaren bizitzan oinarritzen den lana oso interesgarria eta txukuna iruditu zaidalako; ez da espero nuena, onerako harritu nau. Manchester United taldean futbolean jokatzen hasi zenetik gaur egun arte zehaztasunez azaltzen du guztia, baina ez du soilik kirol arloan arreta jartzen: haurtzaroa, bizitza pertsonala, ospearen argi-ilunak, eskandalu mediatikoak eta, jakina, Victoria Adams emaztearekin duen harremana ere azpimarratzen dira —ziur zuk ere ikusi duzula hain birala egin den Rolls-Royce autoaren bideo hori—. Narrazioa, nagusiki, artxiboko irudiekin eta elkarrizketekin egituratu dute —zentzu horretan, atalak apur bat luzeak iruditu zaizkit —. Narratzaile nagusia Beckham bera zela ikusi nuenenean, bere burua zuritzeko helburuz egindako ikus-entzunezkoa espero nuen. Baina ez zait hala iruditu, ez baititu inongo unetan saihesten bizitzan izan dituen pasarte korapilatsuenak; hala nola, izan zuen depresioa edota Victoria Adamsekin izandako harremana astindu zuten salaketa eskandalagarria.

Oro har, proposamen nahiko zuria den arren, ospearen eta aberastasunaren alderdi gordinean ere sakontzen du, baita azaletik bada ere, garun osasunaren gaian. Portzierto, bitxikeria modura, lanaren zuzendaria eta dokumentalean zehar elkarrizketak egiten ikusten dugun pertsona Fisher Stevens aktorea da, Succession telesaileko Hugo Baker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.