«Edozer, klasez aldatzeagatik» dio Altas capacidades filmaren afixaren azpitituluak. Seme-alabak ordainpeko ikastetxe elitista batera eramateko erabakiaren atzean arrazoi ugari pilatzen dira: «Esan digute adimen-gaitasun handiko umea dela, eta horregatik aldatu dugu eskolaz; hobeto prestatuta daude» bezalako esaldiak maiz entzuten dira. Baina hitzen azpian, gurasoen beldurrak, segurtasunik ezak eta kontraesanak ezkutatzen dira sarri, eta, batez ere, estatus sozialaren inguruko desira sotilak.
Víctor García Leon zinemagileak umore deserosoaren hari mehea hartu, eta hari horrekin josi du film osoa, gurasoen nahi, frustrazio eta kontraesanen tapiz konplexu eta ezegonkorra osatuz. Borja Kobeaga donostiarrarekin batera idatzitako gidoiak zehaztasunez eta ironiaz marrazten du gure garaiko ispilu pitzatu bat; barrez erakuste duena, baina aldi berean deseroso sentiarazten duena.
Alicia eta Gonzalo bikotea dira protagonistak. Beren semea, Fer, eliteko ikastetxe laiko batean matrikulatzeko aukera dute. Semeagatik egiten dutela diote, baina pixkanaka, printzipio moralek eta desio ezkutuek talka egiten dute, eta bikotearen benetako motibazioek gero eta pisu handiagoa hartzen dute.
Premisa horren aitzakiaz, filmak gaur egungo hezkuntza-arrakastaren obsesioa, klasismoa eta klase-igoeraren amets ia automatizatua satirizatzen ditu. Gurasoek beren itzalak seme-alaben etorkizunaren gainean nola proiektatzen dituzten erakusten du, tonu zuzenean, samurtasunetik baino gehiago egia deseroso eta mingarritik gertuago dagoen begirada batekin.
Formalki, filmak ez du berrikuntza handirik bilatzen: itxura apal, ia telebisibo bat du, eta musikak presentzia oso neurtua du. Baina, hain zuzen ere, itxurazko sinpletasun horretan aurkitzen du bere indarra, tonua eta pertsonaiak zehaztasun kirurgikoarekin zizelkatzen baititu, eta egoera komikoak tentsio sozial bihurtzen.
Ikuslearen begian atzamarra sartzen duen komedia horietakoa da, irribarrea ezpainetan izoztu eta barruan zerbait mugiarazten duen horietakoa. Barrearen eta lotsaren arteko muga lausotu egiten da, eta hor geratzen da filmaren arrastoa.
Oso gomendagarria.