Morboan fantaseatzen duen telesail bat dakarkizuet gaur, Gaizka Izagirrek lehenago aurkeztutako «Munstroak jaio ala sortu egiten dira?» BERRIAko artikuluan planteatutako galderari jarraituz. Gaur, nire lankidearen galderari erantzuten saiatuko naiz.
Monster: The Ed Gein Story, Ryan Murphyk zuzendutako lanak, 1950eko hamarkadako Wisconsin landa giro itogarrian kokatzen du istorioa. Han bizi da Ed Gein, ama zorrotz eta erlijioso baten menpe hazi zen gizon bakartia. Bere amaren irakaspenei men eginez, mundua bekatuz eta emakumeak deabruz betetako izaki gisa ikasi zituen. Haren heriotzak, ordea, errealitatearekin zituen lotura guztiak hautsi zizkion. Ordutik aurrera, hildakoekin biziko da, haien azalean dantzan, eta gizakiaren zentzua galtzearen metafora bihurtzen da.
Ez da telesail erosoa. Morboan zentratzen den lana da, eta askotan deseroso sentituko zara hiltzearen fantasia odoltsu eta sexualekin. Telesailak, hala ere, badu elkarrizketa interesgarri bat: artearen eta gaitzaren arteko harremanaz mintzo da, eta nola kulturak eta fikzioak morbo kolektiboa elikatu dezaketen erakusten du. Horregatik, Psycho filmaren sorrera ere gurutzatzen da kontakizunean, Hitchcocken Norman Bates eta Geinen arteko paralelismoak marraztuz.
Baina, azkenerako, istorioa drama sentimental batean lausotzen da, eta morboaren azterketa bihurtzen da morbo hutsa. Ez da Gein bakarrik; baita Adeline Watkins ere —Geinen neska-laguna, irudimen eta probokazioz beteriko pertsonaia—, morboa areagotzen duena. Batzuetan beldurgarriagoa egiten da, hain normaltasun kezkagarriz azaltzen baititu hildako pertsonen erretratuen aurrean sentitzen duen miresmena eta heriotzarekiko lilura.
Eta gu, ikusleok, ez gara libratzen. Guk geuk ere partekatzen dugu lilura hori: hiltzaile baten bizitza fikzio bihurtzen denean, gure beldur eta morboak entretenimendu bilakatzen dira. Monster telesailak hori erakusten du: munstroak ez dira jaio, guk —gizarteak, ikusleok— egiten ditugu. Haien gabeziak ikuskizun bihurtzen ditugu, gure plazer isil eta jakin-min morbosoaren iturri. Azkenean, gure begirada da haien azken ukitua.