Bat-batean, zerbaiti begira gaude eta oroitzen gara egoera, gauza edo pertsona batez, eta nora joana den galdetzen diogu geure buruari, eta garai hartan sorturiko sentipenak berreskuratzen saiatzen gara. Beste batzuetan, berriz, egoera bitxi samar baten aurrean itauntzen diogu geure buruari, adibidez, zergatik hitz egiten diegun ozenago atzerritarrei edo ahots erridikulua darabilgun umeekin ari garenean? Eta ez dira falta erantzun sakona behar duten zalantzak, zenbaitetan loa eragozterainokoak akaso…
Horiei guztiei erantzun ohi die Alaia Martinek astero Euskadi Irratiko Faktorian, Erantzuteko modu bat tartean. Emma, Miren, Irati… irudimenezko lagunei azaldu die, adibidez, ea arrainek urik edaten duten, zergatik dauden bi Getaria Euskal Herrian, non dagoen hozkailuko kimikaren limoi-erdia edo zer duen Porrotxek sudur gorriaren azpitik. Eta horrela beste hogei galderari erantzun die. Irailetik emandako erantzunak entzungai daude Guau plataforman; azkena, berriz, berari zuzendutakoa zen: zergatik berak erantzun dituen galdera zoroak, alegia. Artikulu hau idazteko orduan ez dut argitu, ez zegokion audio-artxiboa jarri duen akats teknikoaren erruz. Agian lerro hauek argitaratzen direnerako jakin-mina ase dut.
Ez da hitzezko azalpen hutsa, eta irrati-hizkuntzaren elementu guztiak —mintzoa, musika, hotsak eta isiltasuna— bikain nahasten ditu, erantzun bakoitza izaera propioa duen istorio bihurtuz. Gogoeta jostalari gisa aurkezten du plataformak saioaren edukia. Hori da Alaiak egiten duena, jolastu; jolasean ari da entzuleekin, bere irudimenarekin, baita soinuekin ere. Egile-lana edo berezko estiloa duen sinadura da, inprobisatzen ez dena, patxadaz dastatzekoa, zuzenean ez bada, nahieran.
Oso estilo ezberdinekoa bada ere, lerro hauetara ekarri nahi dut gaztelaniazko kate publikoan ostiralero irribarrea sorrarazten digun Aritz Agirreren asteak emandakoari buruzko minutu bateko kronika, hau ere izen propiodun tartea baita. Eta…, galdera zoroak egiteko unea denez, imajinatzen dugu BERRIAko Telegrameko mezuak bidaltzen dizkigun pertsona hori bere ikuspegi umoretsuaz goizeko kronika podcast batean eskaintzen?