Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Gandalfek esaten badu...

2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Honela aurkezten du Klik websaila Bira Produkzioak ekoiztetxeak bere webgunean: «Nekane eta Gurutz izeneko pertsonaien istorio eta abenturak ardatz hartzen dituen animaziozko webserie bat da Klik. Umorea eta pop kulturako elementuak erabiliz, alternatiba sozio-ekonomikoak planteatu eta gai horien inguruko hausnarketa sustatzea du helburu». Hiru minutu inguruko bost atal ditu, «tokiko merkataritza, energia berriztagarriak, parte hartzea, berdintasuna eta integrazioari buruzkoak», eta guztiak ekoiztetxearen webgunean zein YouTuben daude ikusgai martxoaren 30az geroztik. Beñat Iturriozen jatorrizko ideiatik abiatuta, Oskarbi Sein izan da bost atalen zuzendaria, eta gidoietan Hiru Damatxoko Lander Arretxearen laguntza izan du. Bieuse Bikoztaile Euskaldunen Elkarteko hiru kideren zeregina izan da pertsonaiei ahotsa jartzea: Aintzane Crujeiras, Iker Bengoetxea eta Maider Gorostegi.

Azalpen konplikatuetatik ihesi, atal bakoitzak proposatzen duena sinplifikatzeko ahalegina egin du Seinek, Kataluniako TV3 kanaleko Arros Covat animaziozko saioa eredutzat hartuta, berak aitortu duenez. Bi pertsonaia nagusiak, Nekane eta Gurutz, bakoitza bere ezaugarri bereziekin, ikusleak oso gertu sentitzeko moduko pertsonaiak dira, oso etxekoak, eta azalpen diskurtsiboekin baino gehiago gertaera aski arrunt eta xumeen bidez helarazten dituzte atalek eman nahi dituzten mezuak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hernaniko Udalak babestua, egitasmo txiki eta apala da Klik, ikus-entzunezkoen gaur egungo mundu gero eta oparoagoan oihartzun handirik nekez lortuko duena, baina, bere xumean, proposamen interesgarria da gai batzuen inguruko kontzientziaziorako bestelako bideen bilaketaren aldetik. Tokiko merkataritza, energia berriztagarriak, parte hartzea, berdintasuna, integrazioa... Hitzezko zuzentasun politiko lauso batez hitz egin ohi da gaur egun, gehienetan, gai horiei eta antzeko beste batzuei buruz, eta fikzioak —kasu honetan animaziozkoak— esku-liburutik atereak diruditen mezu zurrun eta ankilosatuetatik harago jotzeko aukera baliagarria eskaintzen du. Halaxe esan zion Beñat Iturriozek BERRIAri: «Niri Gandalfek esaten badit birziklatzeko, kasu gehiago egingo diot erakunde publiko batek zuzenean aginduta baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.