Badaude historia azaltzeko modu ezberdinak, nork azaltzen duen edo nondik begiratzen zaion. Gertaeren kontakizuna ez da neutroa, eta zalantzan jartzen ikasi dugu. Orain, Euskal Wikilarien Elkarteak ehun objekturen bidez kontatzea erabaki du, baita podcast formatuan argitaratzea ere, BERRIArekin elkarlanean eta hamar idazlek —bost emakume eta bost gizon— idatzitako gidoien arabera.Â
Asteartero objektu baten inguruko atala emititzen dute, hamar minutura heltzen ez den audio batean, eta dagoeneko euskal historian bere tokia duten bost gauzaren inguruan hitz egin digute: Aranbaltzeko lurra zulatzeko makila, Intxurreko igitaia, Frantzisko Xabierkoaren beso ustelgabea, Baionako Morts pour la Patrie eskultura eta Xabiertxo liburua. Emanaldiek ez dute ordena kronologikorik, nahiz eta webgunean bakoitzari dagokion aroan sailkatuta dauden.
Geratzen diren saioak ailegatzeko zain egon ezinik, kuxkuxeatu ditut etorriko diren objektuak, baita bilatzen nuena topatu ere, irratia alegia. Izan ere, galenako irratia dago historia bitxi honetan jasotako tresnen artean. Oraindik ez du bere orria Wikipedian, baina izango du. Nik oroitzen dut nola Karmelo Garitaonandia irakasleak azaltzen zigun nola egiten zen, eskema eta guzti, balbulakoa eskuratu ahal zutenek muntatzen zutela azalduz.Â
Irratiaz arituko direnean zeintzuk izango dira Nagore Etxabek asmaturiko soinuak? Antuxuna arte proiektuaren sortzailea da Etxabe, eta, saioaren sintonia egiteaz gainera, objektu bakoitzaren soinu girotzeaz arduratu da. Ez da musika edo hotsa aukeratze soila, eta, esaterako, Xabiertxo liburuaren azalean dagoen droste efektu bisuala erreberberazio edo oihartzunaren bidez azaltzen du, irudia soinu eginda. Kaskoekin entzutea aholkatzen dut, Intza Alkainen lokuzio goxoa laguntzen duen hondoaren xehetasunak ez galtzeko.Â
Dirudienez, podcast horren funtzioa ez da entretenimendu soila, eta beste eduki batzuekin osatzen da, helburu pedagogikoa betetzeko; komikia, besteak beste. Era berean, atal bakoitzeko testua eskuragarri dago; beraz, euskara ikasten ari direnentzat ere material baliagarria izan daiteke.Â
Ideia sinple bezain originala iruditu zait saioa. Eta otu zait, wikilari hauek eta wikiemakumeak batuta, agian etorkizunean ezagutu ahal izango dugula ehun euskal emakumeren bidez azaldutako historia kontatzen duen podcasta; gizonek idatzitakoa ezagutzen baitugu.