Krimenak narrazioaren erdigunean dituzten ehunka izenburu estreinatzen dira urtero. Gehienetan, fokua hiltzailearen gainean jartzen da; beste askotan, biktimen edo senideen sufrimenduan. Baina Kanadako Les chambres rouges (euskaraz Gela gorriak) filmak gutxitan aztertzen den ertz bat erakusten digu: hiltzaileenganako lilura edo erakarpena sentitzen duten pertsonena —kasu honetan, emakumeena—. Lana 2023koa bada ere, berriki iritsi da Filminera.
Ludovic Chevalier izeneko gizonezkoak, hiru neska modu basatian hil, eta bideoak Internetera igo ditu. Epaiketa abiatu da, eta lekuko eta senideen artean, egunero bi emakume gazte agertzen dira auzitegian; hiltzailearen errugabetasunean sinesten duten jarraitzaile sutsuak, groupie modukoak. Bi horien artean dago filmeko protagonista, Kelly-Anne, kasuarekin erabat obsesionatuta dagoen emakumea. Epaiketak aurrera egin ahala, kasuarekin duten lotura emozionala areagotuz doa, eta Kelly-Annek bere osasun mentalaren mugetaraino eramango duen ikerketa pertsonal bat hasiko du.
Filmak atmosfera kezkagarria eraikitzen du hasieratik. Protagonistaren isiltasuna, anbiguotasun morala eta begirada asaldatua dira tentsioaren ardatz. Kamerak urrunetik behatzen du, hotz, ia klinikoki. Ez dago musika manipulatzaile nabarmenik, ezta katarsi emozional handirik ere. Hutsuneek eta isiluneek hitzek baino gehiago esaten dute.
Filmak true crime fenomenoak sortzen duen morboari eta ikuskizun bihurtzeari egiten die kritika zuzena. Gidoiak ez du hiltzailea jartzen erdigunean, baizik eta hura behatzen dutenak. Kelly-Annek indarkeria errealaren kontsumitzailea ordezkatzen du. Pertsonaia hermetikoa eta hotza da; haren barne mundua begiraden, keinu ñimiñoen eta gorputzaren presentzia zurrunaren bidez eraikitzen da. Haren anbiguotasuna da kontakizunaren benetako motorra. Ez dakigu zer sentitzen duen, ezta zein muga zeharkatzeko prest dagoen ere.
Lan zorrotza da, geldoa eta erabat asaldagarria. Pascal Plantek begirada iradokitzaile eta beldurgarria eskaintzen du egungo gizartean gaiztakeriak pizten duen lilurari eta teknologiaren, anonimatuaren eta indarkeriaren arteko loturari buruz. Les chambres rouges filma ez da hiltzaile bati buruzkoa soilik; begiradari berari buruzkoa da. Eta behin ikusita, begirada hori ez da erraz ahazten.