Sara Azurza
'Ekografiak'

Geratutakoak

2025eko azaroaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kaixo, irakurle; aspaldian ikusitako telesail bati helduko diot gaur. HBO Max irekitzen dudan bakoitzean haren kartela agertzen zait, eta bazen garaia honi buruz idazteko —bizitako karrousel emozional hura berriz pizteko—. Tom Perrotta idazlearen eleberrian oinarrituta, eta Perrotta bera eta Damon Lindelof sortzaile dituela, thrillerra, drama eta poesia bisuala nahasten dituen rara avis horietakoa da telesail hau.

Imajina ezazu munduko populazioaren %2 desagertu egiten dela egun berean, eta aldi berean. Abisurik gabe. 2011ko urriaren 14an, 14:23an, Bat-bateko joana izeneko fenomenoa gertatzen da: munduko 140 milioi pertsona bat-batean desagertzen dira, arropa hutsak, erdizkako otorduak eta azalpenik gabeko isiluneak utzita. Gertakari haren hiru urte geroago hasten da The Leftovers, desagertzearen zergatien bila.

Planetan bizirik jarraitzen dutenen artean, isiltasunean gosaltzen dutenak, errua norbaiti leporatu nahi diotenak, erradikalizatzen direnak eta normaltasuna antzezten dutenak daude. Haien artean telesaileko protagonista: Kevin Garvey Jr. (Justin Theroux), Mapleton izeneko New Yorkeko auzo batean poliziaburua. Bi seme-alabaren aita da, senar ohia, eta bizitza pertsonala dardarka duela ere, komunitatearen segurtasunari eusteko ardura hartzen du.

Abiapuntuak zientzia-fikzio bat edo prozedura konspiranoiko bat iradoki lezake, baina telesailaren muinean azalpenik ez dagoenean, minak zer egiten duen erakustea dela esango nuke. Thriller espiritual eta emozional baten gisara funtzionatzen du, Kevin eta harekin bideak gurutzatzen dituzten pertsonaien bidez. Haien artean daude Nora Durst (Carrie Coon), egun hartan senarra eta bi seme-alabak galdu zituena; Laurie (Amy Brenneman), Errudunen taldearekin bat egiteko familia utzi zuena; Matt Jamison (Christopher Eccleston), seinaleak interpretatzera dedikatzen den apaiza; edo Meg (Liv Tyler). Haien inguruan, zentzua bilatzen duten taldeak ugaritzen dira, baina posible den bakarra hutsunearekin bizitzen ikasteko beharra da. 

Musikak ere berebiziko garrantzia du The Leftovers-en esperientzian. Max Richterren musikak telesailaren bihotz emozionala markatzen du: piano-doinu errepikakorrak, tentsioa eraikitzen duten hariak, eta isiltasuna bera musika bihurtzen duten konposizioak. Negarrak botatzen lagunduko dizun soinu banda horietakoa da, eta ziur nago, gainera, haren obra nolabait ezagutzen duzula. Eta, beraz, telesail bat inoiz baino gehiago sentitu nahi baduzu —ez soilik ikusi—, The Leftovers da zure hurrengo parada ezin hobea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.