Gerrara ohitu zintezke, baina gerra egon badago. Hala zioen Hertzainak musika taldeak, eta hala da. Ez gure egunerokoaren atzean dauden gatazka sotilagoengatik bakarrik. Hemen ez bada, han, edo harago bestela, beti izan dira gatazka armatuak. Batzuei arreta eskaini zein eskua luzatu diegun moduan, bizkarra eman diegu beste batzuei. Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazkak, ordea —eta batez ere, Europako Batasuneko botere mediatikoaren ahobatezko erantzunari esker—, deblauki bete ditu gure telebistak, gure kezkak eta gogoak. Informazio olde etengabeak eta Twitterreko (sasi)adituen arteko ika-mikak ito gaitu. Testuinguru horretan itzuli da programaziora, eta gai hori bera jorratuz, urteotan ETB1en saiorik txalotuena izan dena: Xabier Madariagak gidatzen duen Ur handitan.
Aktualitateari heltzea arrisku kirola da atzelan handia eskatzen duen erreportaje sakoneko formatuarentzat. Eta, hala ere, onik atera da lantaldea. Geopolitikaren zaratatik aldendu —hori jorratzeko beste bide batzuk egon badaude—, eta saioaren ohiko esentzian aurkitu dute formula aproposena: testigantza intimoenetan. Ukrainan senideak dituzten euskaldunak, Poloniara ihesean joan diren errefuxiatuak, haiei harrera egiten dieten boluntarioak... Euren bizipenak eta minak pilatu ditu saioak, errudunen edo arduradunen bilaketan trabatu gabe. Potentzia ekonomikoen tirabirak dira gerrak pizten dituztenak, bai; baina ondorioak jasaten dituztenak herritar arruntak dira.
Kontakizun pertsonalago horiek Ukraina edo Polonian lanean ari diren euskal kazetarien —Mikel Aiestaran, Leire Lasa eta Ane Irazabal— gogoetekin uztartu dituzte. Haien bidez arakatutako gaiekin aberastu dute hala egin ezean kutsu NATOzaleegia izan zezakeen saioa. Poloniak —eta, horrenbestez, Europak— Siriako edo Afganistango herritarrei atea itxi izan dietela salatu dute; edo arraza badela irizpide Ukrainatik Europara igaro edo ez ebazteko. Irazabalek, gainera, oraindik preso daukaten beste kazetari euskal herritar baten aipamenarekin osatu du saioa: Polonian inkomunikatuta dagoen Pablo Gonzalez. Ez ditu saioak den-denen nahiak aseko, baina aurrez eraikitako diskurtso baten zerbitzura jarri gabe jaso dute protagonisten mina. Kontrakora ohitu garelako akaso, eskertzekoa da.

EKOGRAFIAK
Gerra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu