gaizka izagirre
'Ekografiak'

Gerraren zentzugabekeria

2025eko ekainaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez da lehen aldia zutabe honetara Alex Garlanden izena ekartzen dudana; haren zinemagintzak uzten duen arrastoa bezain iraunkorra da haren presentzia nire lerroetan. Gaurko gomendioan murgildu aurretik, bide batez, aukera baliatuko dut isilpean igaro den altxor bat berriz gomendatzeko: Devs telesail aparta.

Gerraren zentzugabekeria gordinki erakusten duen Warfare da aipatu nahi dudana. Garlanden proposamen berria da, Ray Mendozarekin batera sinatua. Mendozaren benetako istorio batean oinarritua dago: Ameriketako Estatu Batuetako Navy Seal taldeko kide ohiak 2003 eta 2011 bitartean Irakeko gerran bizi izan zituen esperientziak azaltzen ditu. Ikuslea AEBetako Navy Seal-en pelotoi baten eguneroko bizipenetara eramango gaitu, matxinatuen lurraldean gertatzen ari den zaintza-misio batean murgilduz.

Gertakariekiko ahalik eta fidelen izatea zuen xede filmak, eta horregatik, ohiko egitura narratiboak baztertu egiten ditu, bai eta sarrera argigarriak nahiz testuinguru politiko gardenak ere. Horren ordez, borrokaren nahasmena eta kaosa islatzen duen murgiltze-esperientzia bat aurkezten du. Tentsioa etengabe dario kontakizunari, eta haren tonua beldurrezko zinemaren ertzetan dabil, ezinegon isil baina iraunkor baten bidez.

Akzioaren zarata itzaltzen denean, geratzen den isiltasunean, deshumanizazioaren arrakala eta gerraren zauri psikologikoak ageri dira. Estatu Batuetako begiradatik eraikia izan arren, filmak leiho bat zabaltzen du: pertsonaia irakiarren presentziak narratibari gizatasun geruza bat eransten dio.

Argazki-zuzendaritza eta soinu-diseinua erabakigarriak dira pelikularen atmosfera zapaltzailea eraikitzeko orduan. Leherketa eta tiroen bidez, beldurrezko generoa gogora ekartzen duten ikus-entzunezko teknikak erabiltzen ditu filmak, eta arrisku-sentsazioa etengabea da. Lortzen dutena are txalogarriagoa da, soinu bandarik ez dagoela kontuan hartuta.

Itxuraz xume eta landugabea dirudien hautu estilistikoak gerra desmitifikatzea du helburu, loriatzetik urrunduz; benetakotasunaren eta apaingarririk gabeko egia gogorraren artean mugitzen da. Gerraren inguruko kontakizun askotan ageri ohi diren erromantizismoaren edo tonu epikoaren arrastorik ez da hemen ageri.

Genero belikoaren konbentzioei aurre egiten dien proposamen zinematografiko aparta da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.