gaizka izagirre

Geure klasikoak

2026ko urtarrilaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

 Urtzi Urkizuk eman zuen albistea: «Primeran-ek bilduma bat osatu du Jose Julian Bakedanoren lanekin. Ez daude bilduman Bakedanoren film labur eta dokumental guztiak, baina haren zinematografian esanguratsuak diren lan batzuk ikus daitezke EITBren plataforman».

Estreinaldiekin eta etengabeko nobedadeekin itsututa bizi garen garaiotan, ezinbestekoa da noizean behin atzera begiratzea eta eduki klasikoak berreskuratzea. Ildo horretan, bereziki azpimarratzekoa da euskal film klasikoen inguruan egiten ari diren lana.

2024an, esaterako, Euskadiko Filmategiak Montxo Armendarizen Tasio filmaren 40. urteurrena ospatu zuen, Boloniako L’ Immagine Ritrovata laborategian zaharberritutako bertsioa aurkeztuz. Ekinaldi horrek inflexio puntu bat ezarri zuen euskal ikus-entzunezkoen ondarea kontserbatzeko lanean.

Boloniako L’ Immagine Ritrovata laborategiak mundu osoko eta garai bat baino gehiagotako film ugari zaharberritu ditu urteetan. Zaharberritze horiek Bolonian urtero egiten den Il Cinema Ritrovato jaialdian aurkezten dituzte: zinema zaharberrituari eskainitako ekitaldi garrantzitsuenetako bat da. Jaialdiak plaza ezinbestekoa eskaintzen die bai zinemazaleei bai profesionalei, bestela galduko liratekeen filmak ikusteko aukera izan dezaten.

Iaz, Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailaren barruan, Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985), Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungria, 1985) eta Oraingoz izen gabe (Jose Julian Bakedano, 1986) film ertainak aukeratu zituzten.

1980ko hamarkadan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ehun milioi pezetako aurrekontua jarri zuen film horiek sortzeko, eta Irati ekoiztetxearen bidez gauzatu ziren. 40 urte geroago, film horiei hautsa kendu, tiraderatik atera eta 80.000 euroko aurrekontua jarri zuen Jaurlaritzak Boloniako laborategietan egindako zaharberritze prozesurako, EiTBrekin batera eta Donostia Zinemaldiaren lankidetzarekin.

Zaharberritze prozesuan parte hartzeaz gain, EITBk prozesu horren lekukotza jasoko du Itzalak argitzen dokumentalean (Berde Produkzioak, Koldo Almandoz). Dokumentalak istorioen espazio errealak eta fikziozkoak uztartuko ditu, eta, Filmategiko arduradunen eskutik, zaharberritze lanak nola gauzatzen diren erakutsiko du.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA