Maternal Instinct dokumentalaren lehen minutuetan, AEBetan hain ohikoak diren polizia-jazarpen sekuentzia horietako batera garamatzate. Hain zuzen, errepide bazter batean auto bat geldiarazten dute kontrol batean, auto barruan emakume gazte bat doa, eta, atxilotzen dutenean, polizia ohartuko da emakumeak besoetan daraman jaioberria eta arropetan ageri diren odol arrastoak ez direla harenak. Hala ere, emakumeak dio berriki erditu duela, eta ospitaletik atera berri dela, senarraren bila dabilelako. 2020an, Texasko errepide batean egindako ohiko polizia kontrol horrek ikerketa kriminal aztoragarrienetako baten ateak ireki zituen.
Egoera surrealista bezain beldurgarri horretatik abiatuta, dokumentalak denboran atzera egiten du, eta, gertatutakoa xehetasunez azaltzeaz gain, Taylor Parker izeneko emakume hori nor den eta haren kontakizunaren atzean zer ezkutatzen den argitzen du. Gertaerak berreraikitzearekin batera, gezurraren eta engainuaren mekanismoak ere azaleratzen ditu.
Parkerrek 27 urte ditu, eta Simmseko landa komunitatera iritsi zen, familia aberats bateko alaba zela esanez, ondare handi baten eta etorkizun oparo baten promesari lotutako kontakizun batekin. 2019ko uztailean, Wade Griffin izeneko nekazaria ezagutu zuen, eta hilabete gutxiren buruan haurdun zegoela jakinarazi zion. Baina Griffinek eta ingurukoek ez zekiten Parkerrek urte batzuk lehenago histerektomia bat izan zuela, eta, ondorioz, erabat ezinezkoa zuela haurdun geratzea.
Texasko herri txiki hartako bizilagunen testigantzen bidez berreraikitzen dira gertaerak, eta ikuspegi horrek komunitate oso baten harridura eta ezintasun-sentsazioa transmititzen ditu. Eguneroko bizimodu lasaiaren atzean ezkutatzen zen egia iluna pixkanaka agerian geratzen da, eta horrek are gehiago indartzen du istorioaren gogortasuna.
Formalki, dokumentalak azken urteetako true crime ekoizpen askoren estetika eta egitura ditu: artxibo irudiak, lekukotzak eta polizia materialak uztartuz. Ez da bereziki berritzailea egiturari dagokionez, baina trebeziaz baliatzen ditu eskura dituen baliabideak, eta kasuaren dimentsioa modu eraginkorrean transmititzen du. Horrela, lortzen du ikuslea istorioan erabat murgiltzea eta aho zabalik uztea.
Errealitateak fikzioa gainditu du berriro.
Â