Telesail batekin katigatzeko gogoz bazabiltza, eta The Affair edota Big Little Lies-en modukoak maite badituzu, The Girlfriend-ekin gozamenerako tartea topatuko duzu.
Londresen girotua da. Danielek, familia aberats bateko gazteak, harreman sutsua hasi du Cherryrekin (Olivia Cooke); Cherry jatorri xumeko emakumea da. Danielen amak, Laurak (Robin Wright), ezagutzen duenean, bien artean tentsioa sortuko da berehala, eta harremana bataila psikologiko bihurtuko da. Laura ziur dago Cherryk asmo ilunak dituela eta Danielekin duen harremana ez dela dirudiena. Cherryk, berriz, Laura ama kontrolatzaile eta obsesibo gisa ikusten du, semea bere eraginpean mantentzeko edozer egiteko prest dagoena.
Istorioak aurrera egin ahala, egia eta paranoiaren arteko mugak gero eta lausoagoak bilakatuko dira. Hasieran drama erromantiko soil baten itxura duena jeloskortasunak, gezurrak eta mesfidantzak kutsatutako thriller psikologiko bihurtzen da.
Egitura narratiboa ehunka aldiz ikusia badugu ere, funtzionatzen du: pasarte berberak Cherryren eta Lauraren ikuspegietatik azaltzen dira, eta horrek ikuslea behartzen du zalantzan jartzera benetan zer gertatzen ari den eta nor ari den engainatzen nor. Bataren ikuspuntuan, bestea beti da munstroa, tranpatia eta gezurtia. Eta alderantziz. Joko horri esker, ikusleak ez du inoiz oso argi pantailan ikusten duen horretatik zer den egia eta zer ez.
Istorioa azaltzeko modua alde batera utziz, bi pertsonaiak dira telesailaren alderdirik sendoena, haien sorbaldetan bermatzen baita gidoi osoa. Wrightek ñabarduraz betetako pertsonaia landu du: babesa, jelosia, obsesioa eta zaurgarritasuna ditu ezaugarri. Cookek, aldiz, Cherry antzezten du, xarma, anbiguotasuna eta karga emozionala nahasten dituena. Biei esker funtzionatzen du telesailak. Inguruan dauden gainerako pertsonaiak, berriz, narrazioa eta protagonisten gatazkak aurrera eramateko tresna hutsak baino ez dira: ia apaingarri moduan daude jarrita.
Telesailak ikaragarri harrapatzen du, baina une batzuetan gehiegikerietan erortzen da, eta sinesgarritasuna galtzen du. Gidoia nahiko tranpatia eta ahula da, eta oso ongi josiak ez dauden hari solte batzuk uzten ditu.
Hala ere, entretenimendu gisa, primerakoa da The Girlfriend.