Apirilaren 8an, Margaret Atwooden The Testaments telesaila Disney Plusen estreinatu berri den honetan, denboran atzera begiratzeko aitzakia ezin hobea sortu zait: 2017an abiatu zen The Handmaid’s Tale telesaila. Ezin baita bata bestea gabe ulertu.
Batzuetan, telesail batek mundu oso bat eraikitzen du, eta mundu horrek gurearekin elkarrizketa bat sortzeko boterea du. Horixe da, neurri handi batean, The Handmaid’s Tale-k azken urteotan egin duena.
Margaret Atwooden eleberrian oinarrituta, telesailak Gilead izeneko erregimen teokratiko bat irudikatzen du; emakumeen gorputzak kontrol politiko eta erlijiosoaren menpe jartzen dituen distopia bat, hain zuzen.
Istorioaren erdigunean June Osborne dago, erregimenean galdutako alabaren bila borrokan ari den emakumea. Bere ibilbideak ematen dio telesailari arnasa eta pisu nagusia. Ez da heroina klasiko bat: kontraesanez betetako pertsonaia da, eta horrek sinesgarri egiten du. Elisabeth Mossen interpretazio bikainak, gainera, tentsio hori etengabe mantentzen du.
Denborarekin, telesailak jatorrizko materiala gainditu eta bere bidea egin du. Hasierako moldaketa fidela izatetik, unibertso narratibo zabalago batera igaro da, pertsonaia eta istorio berriekin. Mugimendu horrek anbizioa erakusten du, baina baita arriskuak ere: une batzuetan, kontakizuna errepikakorra bihur daiteke, eta sufrimenduaren pilaketak nekea eragin dezake. Hala ere, ezin da telesailaren kalitatea eta amaiera borobila ukatu.
Narrazioaren sendotasunak eta planteatzen dituen galdera moralek horretan jarraitzera bultzatuko zaituzte. Izan ere, Atwoodek berak defendatu izan duenez, istorio honetan agertzen dena ez da hutsetik asmatua; errealitatean oinarritutako elementuen isla da. Eta horrek are kezkagarriago bihurtzen du. Gaur egun, telesaileko hainbat aspektu AEBetako testuinguru politikoarekin alderatu izan dira.
Azken batean, The Handmaid’s Tale ez da telesail erosoa, baina ikusi beharreko horietakoa da. Ez du entretenimendu arin hutsa eskaintzen; aitzitik, pentsaraztera behartzen duen esperientzia bat da. Bere garrantzia sortzen duen eztabaidan datza. Eta, agian, gaur egungo testuinguruan, distopiak errealitatera hurbiltzen gaitu, errealitateak sarritan fikzioa gainditzen du eta.