gaizka izagirre
'Ekografiak'

Gizartearen isiluneak

2026ko otsailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Harrigarria da zenbateko atzerapenarekin iristen diren zenbait film, eta Laura Carreira zinemagile portugaldarraren On Falling horietako bat da. Pelikula horrek zuzendaririk onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen —ex aequo Pedro Martin-Calerorekin —, Donostiako 2024ko Zinemaldian. Orduko hartan ikusteko aukera izan genuen. Nahiz eta jaialdia erakusleiho mediatiko bikaina izan, filma bi urteko atzerapenarekin heldu da Filmin, Prime Video eta Apple TV plataformetara.

Carreirak kritika zorrotz eta sakona egiten dio gizarte indibidualista eta kapitalistari On Falling bere lehen lan luzean.

Istorioaren erdigunean Aurora dago, Eskoziako biltegi handi batean lan egiten duen emakume portugaldarra. Egunerokoa lantokiko horma hotzen eta pisu partekatu bateko bakardade itogarriaren artean igarotzen du.

Filmak gizarte garaikidearen paradoxak azaleratzen ditu: algoritmoek gidatutako eta pertsonak bereizteko diseinatutako ekonomia batean, On Falling-ek, tonu isil baina indartsuan, harremanaren premia eta konektatzeko borrokaren edertasun mingarria aztertzen ditu.

Carreira gaztaroan bizi izandako esperientzia pertsonaletatik elikatu da kontakizuna eraikitzeko, eta benetakotasun horrek gidoi osoa bustitzen du. Zinema sozial tradizionalak sarri erabiltzen dituen diskurtso arranditsu eta didaktikoetatik urrun, Carreirak bestelako bide bat hautatzen du: tonu zuhur eta sotila. Haren begirada ia klinikoa da eta, aldi berean, oso gizatiarra.

Filmak eszenaratze sotil baina zehatz baten gainean eraikitzen du bere indarra, pertsonaia guztiz errespetatuz. Giroa, soila eta grisaxka, tristuraren eta gainbehera sozialaren isla bihurtzen da. Auroraren etsipena ez da hitzen bidez agertzen; isiluneetan, begiraden pisuan eta errutinaren eten txikietan gordetzen da. Carreirak ia ukiezina den emozio hori pantailara ekartzen du.

Joana Santosen lana bikaina da, hura da filmaren bihotza eta arima: Auroraren zaurgarritasuna eta barruko indarra isiltasunaren eta adierazkortasun sotilaren arteko nahasketa liluragarrian gauzatzen ditu.

Tonua eta erritmoa patxadatsuak dira, baina ziztatzaileak, garai digitalari, prekaritateari, bakartzeari eta alienazioari egiten zaion kritika modu iradokitzailean iristen zaio ikusleari.

Gomendagarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA